Iñaki Roa
 
 
Laburpena
 
GESTIÓN DE SERVICIOS RESIDENCIALES (GSR) KOOPERATIBA ELKARTEAREN AURKEZPENA.

Hasiera batean, eta MCCren barruan kokatutako kooperatiba denez gero, korporaziotik bertatik egindako analisiaren berri emango dut labur-labur, sektoreari emandako balio erantsiaren ikuspegitik.
Ondoren, sektorearen alderdirik esanguratsuenak ezagutzeko xedez egindako analisia azalduko dut, eta alderdi horietatik, proiektu kooperatibo bat sortzera eraman zutenak azpimarratuko ditut.
Sektorearen analisitik ateratako ondorioetatik abiatuta, konfigurazio juridiko-sozietarioa zehaztu zen, proiektua aurrera eramateko, betiere Negozio Plana eta bazkide sustatzaileekin hitzartutakoa betez gero.
Geroago, GSRk nola “lur hartu” zuen sektorean eta hasieratik hona izandako eboluzio estrategikoa azalduko ditut.
Eta, azkenik, GSRk etorkizunari begira finkatutako jarduera-lerro nagusiak laburtuko ditut.
 



 
Alberto Ponti
 
 
Laburpena
 
Gizarte-zerbitzu publikoak emateko kooperatiben figuraren sustapenari buruzko gogoeta batzuk eskaintzen ditu komunikazioak. Eztabaidak bizitasun berria hartu du sasoi honetan, Mendekotasun Legeak berekin dakartzan diru publikoaren eskaintza eta zerbitzu-eskaria direla eta. Hala ere, eztabaida aspalditik dator kooperatibetan, gizarte-zerbitzua haien nortasunaren funtsezko alderdia baita.

Ongizate-estatuaren garapena eta hirugarren sektorearen garapena batera ibili dira, “publikoaren eta pribatuaren” arteko harreman estuan. Gaur egungo agertokian, presioa eta lehia sortu dira sektore publikoaren, merkataritza-enpresaren eta hirugarren sektorearen artean. Agertoki horrek eragina izango du erakunde eta enpresa batzuen hautespen eta iraupenean.

Gauzak horrela, txostengileen iritziz, zerbitzu publikoak eman behar dituzten erakundeei eskatu ahal zaien oinarriak edo printzipioak azalduko dira. Oinarri eta printzipio horiek erreferentzia hartuta, erakunde guztiek elkar neurtuko dute eta gizarte-ekimeneko kooperatibek abiapuntu egokia izango dute.
 



 
Karmele Acedo
 
 
Laburpena
 
Jardunaldi hauei egingo diogun ekarpenak ez du oinarritzat legeak eskaintzen dituen aukeren inguruko gogoeta, dagoeneko gure gobernu-organoek erakunde barruan landua dutena. Aitzitik, Kooperatiba gisa beharrei erantzuteko abiarazi ditugun ekintzetan oinarritu gara. Bestalde, gizarte-zerbitzuen alorrean lan egiten dugun erakunde guztiok aspalditik ikusi ditugu behar horiek, eta horiei erantzuten saiatzen gara gure interes-taldeetan. Horietako batzuek lege horretan gauzatu dira.

Dagokigun gaiari lotuz, legearen atalen barruan honako aukera hauek azpimarratu ditzakegu:

36. ART. PROFESIONALEN ETA ZAINTZAILEEN HEZIKETA ETA PRESTAKUNTZA
Zerbitzuen Katalogoak jasotzen dituen prestazioei erantzungo dieten profesionalen heziketa arautzeko beharra aurreikusten du legeak, nahiz eta berariaz ez duen hitz egiten profil bakoitzaren eginkizunen gainean. Halere, horietako batzuei esku-hartzeko jarri zaizkien mugak ez dira batere egokiak, ez langileentzat, ez kontratatzen dituzten entitateentzat. Hain zuzen ere, laguntzailearen profila definitzeari ekin diogu.

Etxez etxeko laguntzailearen profilerako sakontasunez garaturiko ibilbidea hartu dugu oinarri laguntzaile batek (lanbide berria gure erakundean, etorkizunduna, 85 URTEZ GORAKOEN BEHATOKIAREN bitartez Bilboko biztanleriaren beharrak ebaluatu ondoren definitu duguna) izan behar duen heziketa deskribatzeko. Hau da, eguneroko egitekoei oso lotutako oinarrizko gaitasunak lortzea genuen helburu hasieran, eta lanbide barruan hazteko aukera ematen duten ezagutza eta trebetasunak barneratzea lortu dugu, baita gizartean hain gutxi baloraturiko lan honi ospea ematea ere.

21. Art. PREBENTZIOA DEPENDENTZIA EGOERETAN
Jarduten dugun udalerri edo inguruetan nagusien errealitatea ezagutu behar dugu gaixotasunak, urritasunak eta horien ondorioak prebenitzeko, agertu ez daitezen edo txarrera egin ez dezaten. Xede horrekin, 2003ko azaroan, abian jarri zen BILBOKO UDALERRIKO 85 URTEZ GORAKOEN BEHATOKIA. 28 etxez etxeko laguntzailek osaturiko taldeak, ekimen horretarako prestatuak, Bilboko 7.702 etxebizitza bisitatuko ditu, nagusien egoera zuzenean ezagutzeko asmoarekin. Ikerketa horietatik lortutako nagusien egoerei buruzko datuei esker, Udalak neurri prebentiboak eta zuzentzaileak hartu ahal izan ditu beren etxeetan bizitzen jarraitu nahi dutenei laguntza eskaintzeko. Bero-bolada bat moduko arazo baten aurrean hartutako berariazko neurrien adierazle dira “UN ANCIANO EN LA ESCALERA, VECINOS EN ALERTA” gisako kanpainak.

Irudi horien bitartez, egungo praktikak partekatzea besterik ez dugu nahi izan, legeak jasotzen dituen arreta asmo askori forma ematen diotenak. Bidea luzea da baina asko gara horretan lanean ari garenak.