Alfredo Ispizua eta Patxi Ormazabal
 
 
Laburpena
 
Euskadiko Kooperatiben Goren Kontseiluak (EKGK-CSCE) eta Euskadiko Kooperatiben Konfederazioak (KONFEKOOP) partekaturiko kezken ondorioz jaio zen FOROKOOP, “Eztabaida-gune Kooperatiboa”, gai kooperatiboei buruz (bai teorikoak, bai praktikoak) gogoeta egiteko beharrari lotuta.

“Eztabaida-gune Kooperatibo” hori sortzeko ideia hartu genuenean, eredu tradizionaletan –kooperatibismoaren alderdi jakin batzuei buruzko presentziazko eztabaida-guneetan– jarri genuen arreta. Gainera, teknologia berriak sartzeko egokitasunean ere pentsatu genuen, denboran eztabaida-gune iraunkorra lortzeko tresna gisa.

Azken finean, eredu mistoa aukeratu genuen, presentziazkoa eta birtuala: lehenak, urtean birritan “presentziazko eztabaida-gune” bat izateko eta horietan gure kooperatiben munduarekin eta gizarte-ekonomiarekin loturiko arazo jakin batzuk aztertzeko aukera ematen zigun; eta, besteak, “eztabaida-gune iraunkorrak”, eredu birtualak, kooperatibismoarekin zerikusia duten edozein eratako eztabaidak, filosofikoak edo praktikoak, izateko aukera.

Planteamendu apal batetik sortu gara, euskal kooperatibismoaren esparruan; halere, munduko kooperatibismoaren erreferente gisa dugun arduraren jakitun gara. Erronka horri erantzuten saiatu beharko dugu, zeren erabili nahi ditugun tresna berri horiek, teknologia berri horiek, munduko txoko guztietara helduko baitira.