X. JARDUNALDIA FOROKOOP

FOROKOOP – KOOPERATIBA-EZTABAIDARAKO FOROA

FOROKOOPek EKGK - Euskadiko Kooperatiben Goren Kontseiluak eta KONFEKOOP - Euskadiko Kooperatiben Konfederazioak partekatzen duten kezka batean du jatorria, kooperatiba gaien inguruan hausnarketa teoriko zein praktikoak egiteko beharrean, hain zuzen ere.

Kooperatiba Eztabaidarako Foroa” sortzeko ideia aztertzen ari ginenean, eredu tradizionalak begiz jo genituen -kooperatibismoaren zenbait alderdiri buruz eztabaidatzeko aurrez aurreko foroak-. Baina, horrez gain, etenik izango ez zuen eztabaida-foro iraunkor bat lortzeko, teknologia berriak ezinbestekoak zirela erabaki genuen.

Azken batean, aurrez aurrekoa eta birtuala batuko zituen eredu mistoa planteatu genuen. Horrela, batetik, urtero “aurrez aurreko foroa” egiteko aukera daukagu, kooperatiben eta gizarte-ekonomiaren munduarekin zerikusia duten hainbat gai aztertzeko. Eta, bestetik, “foro birtuala”, online, kooperatiben gaietan interesa duten lagun guztiek etengabe eztabaidan aritzeko aukera eduki dezaten, elkarren arteko ezagutza bultzatuz, eta eztabaida eta iritzi, proposamen eta hausnarketen elkartrukea sustatuz.

FOROKOOP planteamendu xumearekin jaio da, euskal kooperatibismoaren esparruan; baina, halaber, munduko kooperatibismoaren erreferente garen heinean, gure ardura zein den jakin badakigu; erronka horri erantzuten saiatuko gara, erabili nahi ditugun lanabes horiek, teknologia berri horiek, mundu osoko txokoetara iristen baitira.

Lerro hauetatik lankidetzarako deia luzatzen dizuegu, foro honetan parte hartzeko eta zuen kezka eta hausnarketak, zuen iradokizun eta kritikak helarazteko gonbita egiten dizuegu.

Alfredo Ispizua
EKGK-ko presidentea
Euskadiko Kooperatiben Goren Kontseilua
Rosa Lavín
KONFEKOOPeko presidentea
Euskadiko Kooperatiben Konfederazioa

YECN - EUROPAKO GAZTE KOOPERATIBISTEN SAREA

YECNk gazte kooperatibistak eta Europan gazteak buru dituzten ekimen kooperatibistak sustatu, garatu eta hazten laguntzeko plataforma bat izan nahi du. Gazteen esparruan, herrialde eta kooperatiba desberdinen arteko lankidetza sendotzea da helburua, dagoeneko martxan dauden Europako sareetan gazteen parte-hartzeak daukan balioa agerian uzteko.

Ideiak, trebetasunak eta ezagutzak partekatuz, elkarrekin negozio eta hezkuntza-aukerak sortzea izango da plataformaren egiteko nagusia. Herrialde desberdinetako enpresen arteko lankidetza errealerako loturak sortzeko aukera bat izango da, Europako edota mugaz gaindiko proiektuak garatzeko katalizatzaile izan daitezkeenak.

YECNren arabera, ekonomia demokratikoagoa, iraunkorragoa eta berdintasunezkoagoa sortzeko funtsezko osagaia da kooperatibismoa. Haren ikuspegiari jarraikiz, kalitatezko lana sortzeko, motibaziorik gabekoak motibatzeko eta planeta osoaren ongizateari ekarpena egiteko gai izan behar du nazioarteko kooperatiben mugimenduak.

2016ko apirilean sortu zen, aurreko bi urteetan 14 nazionalitatetako 70 gazte baino gehiagoren arteko hainbat bilkura egin ondoren. Sustapena, negozioak, hezkuntza eta komunikazioa dira bere lan-ildoak.

Datozen hiru urteetarako plan anbiziotsuak: sarearen neurria hirukoiztea, kide diren herrietako bakoitzean gazteen sareak garatzeko eta handitzeko laguntza ematea eta ekimen kooperatibo berriak garatzeko fondo bat sortzea. Horretarako, hainbat kanpaina eta ekimen egingo dituzte elkarrekin, gazteak kooperatiba-sozietateen onuren inguruan kontzientziatzeko.

KOOPERATIBISMOA EUSKADIN

Euskal Kooperatiben Mugimendua Euskadin 52.000 langiletik gora dituzten 1.000 kooperatibaren elkargunea da. Lan Elkartuko kooperatiben dentsitate altua da bere ezaugarri nagusia, bai eta nazioarteko erreferente nagusia bere barruan dagoela ere: Mondragon Taldea osatzen duten kooperatibak. Euskal kooperatiben interesak babesteko eta sustatzeko Euskadiko Kooperatiben Goren Kontseiluak, Euskadiko Kooperatiben Konfederazioak eta Federazio sektorialek osatzen dute mugimendua.

XIX. mendearen amaieran eta XX.aren hasieran, zerbitzuak izan ziren (batez ere kontsumoa) euskal kooperatiben jardueraren ardatza, esparru horretan inbertsio-beharrak txikiagoak direlako, baina baita inguruan zegoen merkataritza-ereduak tratu desegokia eskaintzen zuela uste zutelako ere. Tokiko ikuspegi batetik sortu ziren, autoeraketaren bidez beharrizanei erantzuteko aukerez ohartu ziren pertsonen ekimenez.

Hasierako ideiaren arrakastaren eta beharrizan ugarien ondorioz, ekintza-eremua zabaldu egin zen: etxebizitza-kooperatibak, nekazaritzakoak... eta, pixkanaka, kooperatiba berriak sortu ziren beste hainbat esparrutan: ekoizpena, osasun-laguntza, kreditua, irakaskuntza...

Kooperatibismo modernoa industrializazioarekin batera sortu zen, ezarritako ordenaren aurka, joera ideologikoek gidatuta, eta sistema ekonomiko eta sozial berri bat sortzeko asmoz. Gaur egun, Euskadin dauden kooperatiba gehienak Lan Elkartukoak dira.

Forokoopen arabera, asko dira Euskadin kooperatibismoak izan duen arrakastaren gakoak: gidatzeko gai den lider bat, tradizio luzea elkartegintzan, nortasun sentimendu sakona, balioak, herrialde erronkazalea, orainaren kritika etorkizuna buruan...

LAN ELKARTUKO KOOPERATIBAK

Lan Elkartuko Kooperatibak lan-harreman mota desberdin bat daukaten enpresak dira. Bazkideak enpresako langile ere badira, eta bazkide langile esaten zaie.

Euskal gizartean, elkartegintzan eta lan boluntarioan dagoen tradizio luzeari esker (auzolana), pertsonek enpresaren egunerokoan parte hartzeko eskakizuna sektore guztietan ematen da. Kooperatiba horiek Euskadiko kooperatibismoaren oinarria dira, ia 33.500 bazkide langilerekin. Enpresa hauetan, langileen ehuneko handi bat (Euskadin % 75 inguru) bazkideak dira, eta kudeaketaren eta negozioaren inguruko erabakietan parte hartzen dute. Pertsona bat = boto bat.

Euskadi kasu berezi bat da, beste leku askotan ez bezala, Lan Elkartuko Kooperatibak sektore ugaritan presente baitaude: kontsumoa, irakaskuntza, bankuak, nekazaritzako elikagaiak, garraioa... Sorreran bazkide langilearen figura ez zeukaten zenbait kooperatibak, pixkanaka, bere egin dute figura hori, eta bazkide horiek Batzarrean duten pisua handitu dute.

Gauza arrunta da kooperatiba berriak kooperatibista bazkideen figura desberdinekin sortzea kooperatiba beraren barruan, pisu bera edo desberdina izango dutenak.

CICOPA - CECOP

CICOPA Ekoizpen Industrialeko eta Zerbitzuetako Kooperatiben Nazioarteko Erakundea da. 1947an sortu zen, eta NAKen (Nazioarteko Kooperatiba Aliantzaren) erakunde sektorial bat da. Haren Europako erakunde sektoriala, 1979tik, CECOP da, eta 26 Federazio nazionalek parte hartzen dute bertan.

Mundu osoan lan elkartuko eta ekoizpen-arloko kooperatiben ordezkari izatea da CICOPAren egiteko nagusia, NAKen gainerako familiekin elkarlanean. Bere sektorean ahalik eta erakunde nazional gehienen ordezkaritza bermatzea eta lobby lana egitea dira bere xedeak, batez ere lan elkartuko eta ekoizpen-arloko kooperatibismoaren esparruko legegintza-arloan eta politiketan.

Munduko ekonomiak bizi izan duen eraldaketaren ondorioz, kooperatiba mota hau ez da kasu isolatu bat. Goranzko bidea daraman tipologia bat da: haren hazkundea nabaria da hala herrialde industrializatuetan nola garapen bidean daudenetan. Mundu osoko 65.000 enpresak eta 3 milioi langilek osatzen dute CICOPA (50.000 enpresa eta 1,3 milioi langile Europan).

LEGO SERIOUS PLAY

LEGO SERIOUS PLAY topaketa, hausnarketa, komunikazioa eta arazoen konponbidea errazten dituen prozesu bat da, eta erakundeek, lantaldeek eta, oro har, pertsona guztiek erabil dezakete. Hainbat esparrutan egindako ikerketak ditu oinarri: enpresak, hezkuntza, ikaskuntza, sormena, berrikuntza, psikologia, taldeen antolakuntza, ekintzailetza... “Hand knowledge” -eskuen bidez pentsatzea- kontzeptua da bere ardatz nagusia.

Gizakiak egoera jakin bat imajinatzeko, azaltzeko eta ulertzeko daukan gaitasunaz baliatzen da LSP metodologia, bai eta aldaketak eta hobekuntzak abiarazteko eta are zerbait erabat berria sortzeko ditugun gaitasunez ere. Parte-hartzaileei hainbat galdera egiten zaizkie, aztergaian gero eta gehiago sakonduz. Erraztailearen galderei erantzuteko, parte-hartzaile bakoitzak bere 3D LEGO modeloa eraikiko du.