X

KOOPERATIBISMOA

KOOPERATIBISMOA EUSKADIN

Euskal Kooperatiben Mugimendua Euskadin 54.000 langiletik gora dituzten 1.200 kooperatibaren elkargunea da. Lan Elkartuko kooperatiben dentsitate altua da bere ezaugarri nagusia, bai eta nazioarteko erreferente nagusia bere barruan dagoela ere: Mondragon Taldea osatzen duten kooperatibak. Euskal kooperatiben interesak babesteko eta sustatzeko Euskadiko Kooperatiben Goren Kontseiluak, Euskadiko Kooperatiben Konfederazioak eta Federazio sektorialek osatzen dute mugimendua. 

XIX. mendearen amaieran eta XX.aren hasieran, zerbitzuak izan ziren (batez ere kontsumoa) euskal kooperatiben jardueraren ardatza, esparru horretan inbertsio-beharrak txikiagoak direlako, baina baita inguruan zegoen merkataritza-ereduak tratu desegokia eskaintzen zuela uste zutelako ere. Tokiko ikuspegi batetik sortu ziren, autoeraketaren bidez beharrizanei erantzuteko aukerez ohartu ziren pertsonen ekimenez. 

Hasierako ideiaren arrakastaren eta beharrizan ugarien ondorioz, ekintza-eremua zabaldu egin zen: etxebizitza-kooperatibak, nekazaritzakoak… eta, pixkanaka, kooperatiba berriak sortu ziren beste hainbat esparrutan: ekoizpena, osasun-laguntza, kreditua, irakaskuntza…

Kooperatibismo modernoa industrializazioarekin batera sortu zen, ezarritako ordenaren aurka, joera ideologikoek gidatuta, eta sistema ekonomiko eta sozial berri bat sortzeko asmoz. Gaur egun, Euskadin dauden kooperatiba gehienak Lan Elkartukoak dira.

Forokoopen arabera, asko dira Euskadin kooperatibismoak izan duen arrakastaren gakoak: 

gidatzeko gai den lider bat, tradizio luzea elkartegintzan, nortasun sentimendu sakona, balioak, herrialde erronkazalea, orainaren kritika etorkizuna buruan.