Konfekoopeko kooperatibek %5 gehiago fakturatu eta 500 lanpostu sortu dituzte

Kooperatibak hobeto aurre egiten ari dira krisiari. «Enpresak ateak ixten dituzten bitartean, kooperatiba berriak sortzen ari dira», adierazi zuen Javier Goienetxea Konfekoop Euskadiko Kooperatiben Konfederazioko presidenteak iragan azaroan egindako agerraldi batean. Eta datuek arrazoia eman diote. Haren esanetan, iaz 43 kooperatiba berri sortu ziren Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, eta dagoeneko 868 dituzte elkartean. Aurtengo lehen bost hilabeteetan, berriz, dagoeneko 93 sortu dira. Orain arteko martxari eustera, urtea «sekulako zenbakiekin» itxiko dutela aurreratu zuen Goienetxek, Agustin Mendiola Erkideko (Euskadiko lan elkarteen eta irakaskuntza eta kreditu koooperatiben elkartea) zuzendariarekin batera Bilbon egindako agerraldian.

Kopuruan bakarrik ez, fakturazioan ere emaitza hobetzea lortu zuten Konfekoopeko kooperatibek: 9.983 milioi euroren diru sarrerak izan zituzten, 2010ean baino %5 gehiago. Enplegua sortu zuten: 56.257 laguni eman zieten lana, 2010ean baino 503 gehiagori. Eta %11 gehiago esportatu zuten: 4.703 milioi euroren produktu eta zerbitzuak.

2011 urte txukuna izan zela nabarmendu zuten elkarteko bi aduradunek. Aurtengoa, «gogorra, baina emaitzetan hobea» izango dela aurreratu zuten, diru sarreretan hazkundea izatea espero dutelako.

Konfekoopeek Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako kooperatiben federazio guztiak biltzen ditu. Elkarteko kideek, berriz, hiru herrialdeetako kooperatiben negozio bolumenaren eta langileen %90 eta %95 artean biltzen dituzte. Kooperatiben ia erdiak, 406, Gipuzkoak dira; 315 Bizkaikoak; eta 147 Arabakoak. 704 lan elkarteak dira, 79 irakaskuntzako kooperatibak, 68 nekazaritzakoak, bederatzi kontsumokoak, sei garraiolarienak eta bi kreditu kooperatibak.

Kategoria: BERRIAK Etiketak . Gorde lotura.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude