Cooperatives Europe – Foroa

Apirilaren 27 eta 28an, Europako kooperatiben 2017ko Batzar Nagusia egin zen Maltan. Bertaratutako guztiok aukera izan genuen Europan kooperatiben enpresa-eredua indartzeko bide berriak aztertu, garatu eta hausnartzeko.

“Beharrizanetik errealitatera: EBko kideen erronketarako konponbideak” izenburupean, Europako Kooperatiben papera izan zen mintzagai, eta kooperatiba-eredua lan eta hazkunde aukeren iturri izan dadin batasuneko kideek elkarrekin egin ditzaketen ekintzak aztertu ziren.

Batzarrean, Cooperatives Europe-n batzordea berritu zen, eta aurrerantzean, Louis Bancel izango da presidentea. Bancel Frantziako kooperatibak elkartzen dituen Coop FR erakundearen ordezkaria da, eta hala mintzatu zen bere hitzaldian: “Afiliazioa da kooperatiben legitimazioa. Kooperatibak ez dira enpresa hutsak. Europako Kooperatiben ekintza guztien bihotza pertsonak dira, gure kooperatibetako bazkideak. Europan harrotasun kooperatiboa sustatzeko lan egingo dut agintaldi honetan”.

COCETA, Lan Elkartuko Kooperatiben Espainiako Konfederazioaren izenean Batzordean dagoen Malena Ruidavetsek, aldiz, honako adierazpen hauek egin zituen: “kooperatibismoa gazteen eta herritar guztien artean ezagutarazteko lan egingo dugu, Europan kooperatibak eskubideen eta askatasun sozialen bermea direla ikus dezaten; ekintzaileek kooperatiben izaera juridikoaren alde egin dezaten ahaleginduko gara, enplegu egonkorra, kalitatezkoa, berdinzalea eta gizartearekiko arduratsua sortzeko modua delako hori.” Riudavetsek, bestalde, zera adierazi zuen, “Cooperatives Europek haren barruan dauden erakundeen beharrei erantzuteko lan egin behar duela, kooperatibismo europar indartsu baten alde, Europako Gizarte Ekonomiaren ardatza izan dadin”.

Topaketetan hainbat gairen inguruko lan-taldeak egin ziren:

  • Kooperatibak eta haien garapena
  • Kooperatiben gobernua eta kudeaketa
  • Kooperatibak eta ekonomia kolaboratiboa
  • Gazteak eta hezkuntza

Europako kooperatiben mugimenduak hainbat baliabide eta ekintza martxan jarriko ditu, kooperatiben mugimenduaren balioak jendarteratzeko helburuarekin. Bide horretan, gazteen artean kooperatiben eredua ikusarazteak eta sustatzeak daukan garrantzia mahaigaineratu zen.

Horrez gain, kooperatiben mugimenduan genero berdintasunarekin lotutako gaiak zeharka lantzeko asmoa ere agertu zen.

Konfekoop, Cepes, Coceta, Fundación Spriu, Cecop, Cicopa y Cooperatives Europeko Ordezkariak

Argazki galeria: www.flickr.com/forokoop

Kategoria: BERRIAK Etiketak , . Gorde lotura.