Euskal kooperatibismoa

  • Kooperatiben zein jarduera-sektore daude ordezkatuta KONFEKOOPen?

KONFEKOOP Euskadiko Kooperatiben Konfederazioa da, eta bere barruan Kooperatiben hiru Federazio daude: Erkide – Lan Elkartu, Irakaskuntza, Kontsumo eta Kreditu Kooperatiben Federazioa, Euskadiko Nekazaritzako Elikagaien Kooperatiben Federazioa – ENKF eta Euskadiko Garraiolarien Federazioa – EGKF. Haien bitartez, hiru sektore horien jarduera-arlo guztietan presente dago KONFEKOOP: lehen sektoreko nekazaritza eta abeltzaintzan; bigarren sektorean, non kooperatiba ugari dagoen eraikuntza-lanetan, industria siderometalurgikoan, industria elektronikoan eta elikagaien industrian, makina-erremintan, automozioan eta arte grafikoetan; eta hirugarren sektorean, kooperatiba askorekin merkataritzaren esparruan, hezkuntzan eta trebakuntzan, aholkularitzan, banaketan, informazioan eta komunikazioan, informatika eta telekomunikazioetan, enpresentzako zerbitzuetan, gizarte-zerbitzuetan eta ostalaritzan eta turismoan, besteak beste.

Martxan jarri eta merkatuan lehiatu daitekeen edozein jarduera kooperatiba-enpresaren formularen bidez gauzatu daiteke.

 

  • Eta emango al dizkiguzu elkartutako enpresen eta haien enpleguen inguruko datu batzuk?

2016an, Konfekoopek hogeigarren urteurrena ospatu zuen. Urte luze hauetan guztietan, Euskadiko Kooperatiben ordezkaritza instituzionala izan da bere jardueraren ardatz nagusia, eta erakunde publikoetan haien presentzia sustatzen ahalegindu da. Horrez gain, kooperatibak sendotzeko eta haien inguruko prestakuntza eskaintzeko lan egin du, haientzako onuragarriak izan daitezkeen jarduerak bultzatzearekin batera. Bide horretan, iazko itxiera-datuen arabera, gure Federazioetan 1.110 kooperatiba daude, 2015eko itxieran baino % 10 gehiago. Kooperatiba horiek 54.000 laguni lana ematen diete EAEn, erkidegoko enplegu guztiaren % 7, eta 34.000 dira lan-bazkideak. Kooperatiba-sozietateek 9.200 milioi inguruko fakturazioarekin itxi zuten 2016a, eta horietatik 4.600 milioi eurok nazioartekotzean izan zuten jatorria. Haien ekarpena, beraz, BPGd-aren % 6 da. Lan elkartuko jarduerez gain, irakaskuntza, kontsumo, kreditu, nekazaritzako elikagai eta garraioaren esparruko beste hainbat jarduera ere garatzen dituenez, guztira 1.174.000 bazkide ditu, dagoeneko aipatu ditudan lan-bazkideez gain. Irakaskuntzaren esparruari soilik begiratzen badiogu, 73.000 ikasle aurkituko ditugu ikasketa-prozesuetan, irakaskuntzako 5.100 profesionalen lanari esker. Zentro Teknologiko eta Ikerketa, Garapen eta Berrikuntza Unitate diren 20 kooperatiba ditugu, Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzaren Euskal Sarearen ziurtagiria daukatenak. Zentro eta Unitate horiek 500 patente-familia baino gehiago erregistratu dituzte.

 

  • Euskal kooperatibismoa eredu bat da mundu osoan, ezta?

Nazioarteko kooperatibismoa, funtsean, kontsumo, kreditu eta nekazaritza-esparruekin lotuta dago, eta Euskal Herrian, aldiz, kooperatibismo industriala da nagusi. Kooperatibismo mota hori batez ere lan elkartuko kooperatiben tipologiarekin garatu da, eta mota horretako kooperatibak dira nazioartean eredugarri. Horregatik ezagutzen gaituzte eta horregatik aintzat hartzen gaituzte. Zalantzarik gabe, Mondragon Taldearen esperientziak zeresan handia izan du horretan guztian. Taldeak kooperatiba industrialak zein bestelakoak indartzen dituen ekosistema kooperatibo bat dauka (gizarte-aurreikuspeneko erakunde bat, Lagun Aro; finantza-erakunde bat, Laboral Kutxa; kooperatiba-prestakuntzarako zentro bat, Otalora; Eskola Politekniko bat eta lau fakultate dituen Unibertsitate bat, Berrikuntza arlo bat…), eta horrek nazioartean lehiakorrak diren kooperatibak izateko aukera ematen dio.

Gaur egun, MONDRAGON Taldea lehenengo euskal enpresa-taldea da, eta hamargarrena Espainian.

 

  • Euskal Administrazioak merezi duen balioa ematen dio ordezkaritza-indar horri?

Azaldu berri dizkizuedan datu horiek eta, beraz, Euskadiko kooperatiben mugimenduak atzean daukan indar guztiak EAEko enpresa-erakunde garrantzitsu eta handienetako baten mailan jartzen gaituela uste dugu. Edonork hala hartu beharko gintuzkeela sinetsita gaude. Bide horretatik, Euskal erakunde publikoek aitortu beharko liguketen posizioa ez dago oraindik behar bezala finkatuta. Hau da, bide bat ibili behar dugu oraindik, eta ekarpen handiak egin beharko ditugu zuzenean eragiten diguten hainbat esparrutan: enplegua, hezkuntza, industria, berrikuntza eta nazioartekotzean. Hori dela-eta, Euskal Administrazioarekin solasean ari gara, LANBIDEren Administrazio-kontseiluan, Euskal Eskola Kontseiluan eta SPRIn parte hartu ahal izateko.

 

  • Zure iritziz, zeintzuk dira kooperatiba-enpresak eta kapital-sozietateak bereizten dituzten ezaugarriak?

Enpresa-jardueraren erdigunean pertsona jartzea da kooperatiben ezaugarri nagusia, errentagarritasun ekonomikoaz harago, errentagarritasun soziala lortzeko, lehiakortasunari uko egin gabe. Gure lehiakortasuna hobetzen duen plus berezi eta ekarpen bereizgarri horri merezi duen balioa aitortu behar diogu.

Kooperatiben ereduak pertsona guztiei enpresari izateko aukera ematen die, haien erosahalmena eta klase soziala edozein dela ere, ekintzailetza kolektiboko prozesu baten bidez. Horrek pertsonak ahalduntzeko balio du, haien enpresaren edo negozioaren jabe egiteko aukera ematen baitie beste modu batera hori lortu ezingo luketenei, eta horri esker, haien garapen profesional eta pertsonala haien esku geratzen da, hirugarren pertsonen interesen mende egon beharrik gabe. Bazkide bat, boto bat. Aberastasuna banatzeko modurik justu eta zuzenena da, eta lurraldean sustrai sakonak ditu.

 

  • Euskal gizarteak behar bezala ezagutzen al ditu kooperatiba-ereduaren balio eta ezaugarri bereizgarriak?

Etorkizuneko zein orainaldiko erronketako bat kooperatiben kopurua handitzea da, kooperatiba berriak eratzeko laguntza eskainiz. Horrekin batera, dagoeneko martxan dauden kooperatibei hazten, finkatzen eta sendotzen lagundu behar zaie.

Helburu hori lortzeko, ezinbestekoa da euskal gizarte osoari ekonomia-eredu honen berri emateko ahaleginak biderkatzea. Gaur egun, Konfekoopek ordezkaritza dauka EGKn, Gizarte Aurreikuspen, Industria Segurtasun, Nazioartekotze, Nekazaritza eta Elikadura, Gizarte Zerbitzu, Gizarteratze eta Familia Kontseiluetan, Osalanen, Elkargin, EGE Foroetan, Lan Hitzen, Euskara Kontseiluan, Eustaten eta Kontsumobiden; hitzarmenak sinatu ditugu beste enpresa batzuekin, hala nola Euskaltel edo IMQrekin. Leku horietara guztietara eraman nahi ditugu gure ereduaren abantailak, eta, aldi berean, bertan egotea kooperatibentzat onuragarria izatea nahi dugu. Hala ere, ahalegin guztiak gorabehera, zenbait egoeratan erabat ezezagunak gara, eta horregatik, Konfederazioak lanean jarraitu behar du gizarteko esparru gehiagotara iristeko, zuzenean hala zeharka, funtsezko gaiak jorratzen ari diren horietara: ekintzailetza; hezkuntza, hala adin goiztiarretan nola geroagoko fasetan prestakuntza dualarekin lotuta; eta aurreko galdera batean aipatu ditudan beste hainbat esparrutara. Eta hitzarmen gehiago lortu behar ditugu, gure kooperatiben lanaren alde. Orain, Euskadiko Kooperatiben 4/1993 Legea erreformatzeko prozesuan gaude, segurtasun juridiko handiagoa lortzeko eta gaur egungo beharrizanen aurrean hobeto moldatu ahal izateko, gure garapena posible izan dadin.

 

  •  Zure iritziz, zer ikasi dezakegu etorkizunerako bizi izan dugun krisi ekonomikotik?

Bada teoria ez zientifiko bat esaten duena krisi eta atzeraldi ekonomikoak daudenean, kooperatibek kolpeei hobeto eusten dietela une gorabeheratsu horietan, haien erresilientzia eta harikortasunari esker. Esango nuke krisi ekonomikoak balio izan duela maiz ahotan ibiltzen ditugun kooperatiben balioak eta printzipioak praktikan jartzeko. Krisiak proba bat jarri digu, eta erabakiak hartu eta martxan jartzeko gure sozietate-arkitektura guztia martxan jartzea erraza eta berehalakoa ez bada ere, hartutako erabakiak egoerari ganoraz aurre egiteko nahikoa eraginkorrak izan dira. Kudeaketaren eta gauzak egiteko moduaren inguruan iraganean baliagarri izan zaiguna ezingo dugu etorkizunean erabili. Etengabe aldatzeko prest egon behar dugu.

 

  • Amaitzeko, zein uste duzu dela euskal kooperatibismoaren etorkizun hurbila?

Baikortasunez begiratzen diot etorkizunari, eta esango nuke badugula beharrezkoa den hori kudeaketa-arloko helburuak zein helburu estrategikoak lortzeko, bai eta gure enpresen plangintzetan dauden erronka sozialei ekiteko ere. Hori bai, gure hazkundeak eta gure garapenak ekintzailetzarekin, berrikuntzarekin, etengabeko trebakuntzarekin eta datozen urteetan biziko ditugun egoeretara behin eta berriro egokitzeko ahalmenarekin lotuta joan behar dute.

 

Rosa Mª Lavín Ibarra
Konfekoopeko Presidentea
Euskadi Kooperatiben Konfederazioa

Kategoria: IRITZIA Etiketak , , , , . Gorde lotura.