Irakaskuntzako euskal Kooperatibek ikaslea erdigunean jartzen

Irakaskuntzako euskal Kooperatibek eraldaketa prozesu sakon bati ekin diote, ikaslea erdigunean jartzeko helburuarekin

Zer da ERKIDE-Irakaskuntza? Zein erakunde ordezkatzen ditu?

ERKIDE-Irakaskuntza Irakaskuntzako Kooperatiben Elkartea da, Euskadiko Kooperatiben ikastetxeen (ikastolen, eskolen, euskaltegien, unibertsitateen) ordezkari izateko jaio zena, eta ERKIDE Lan, Irakaskuntza, Kreditu eta Kontsumoko Kooperatiben Federazioaren barruan dagoena.

Haien interesak eta kezkak adierazteko bide bat izateaz gain, irakaskuntzako kooperatibak sortzea eta sustatzea dira bere helburu nagusiak, eta martxan jartzen dituen ekimenen bidez, haien garapena bultzatu nahi du. Gaur egun, irakaskuntza-arloko 82 kooperatiba daude elkartearen barruan. Horietako 48 gurasoen kooperatibak dira; 24, kooperatiba integralak, non bazkide erabiltzaileak eta lan-bazkideak maila berean ordezkatuta dauden; eta 10 irakasleen kooperatibak dira. Guztira Euskadiko itunpeko sarearen % 35 kooperatiben esku dago. Horrez gain, azpimarratu beharra dago kooperatiba horietan 51.688 bazkide eta 6.080 langile daudela, eta 72.637 ikaslek ikasten dutela bertan.

Nola integratzen da ERKIDE-Irakaskuntza ERKIDEren barruan?

Ezin hobeto, hala ERKIDEn nola gainerako kooperatiba-mugimenduan. ERKIDEren Artezkaritza Kontseiluan parte hartzeaz gain, Irakaskuntzako Elkarte Sektoriala Euskadiko Kooperatiben Konfederazioan (KONFEKOOPen), Euskadiko Kooperatiben Goren Kontseiluan (EKGKn) eta Elkar-Lan, Koop.E.ren Artezkaritza Kontseiluan presente dago, ERKIDEn daukan ordezkaritzaren bidez. Erabateko sintonian eta koordinazio osoz lan egiten dugu, eta irakaskuntzako kooperatibentzat hobekuntzak ekar ditzaketen proiektuak eta proposamenak bideratzen ditugu. Eusko Jaurlaritzaren eta Kooperatiben Mugimenduaren artean sinatutako Lankidetza-hitzarmena, Kooperatiben Legearen aldaketa edo irakaskuntzako kooperatibek Euskadiko Eskola Kontseiluan daukaten parte-hartzea dira horren erakusgarri.

Zeintzuk dira hezkuntza-sektorean eredu kooperatiboak dituen berezitasunak eta abantailak?

ERKIDE – Irakaskuntza osatzen dugun zentroek oso presente ditugu gure hezkuntza-zentroen bereizgarri nagusiak: Irakaskuntzako Kooperatibak gara, eta lege orokor zein autonomikoetako arauetan jasotakoak aintzat hartuta, ezaugarri bereziak ditugu. Hala ere, gure ikastetxeen beste bi berezitasun nabarmenduko nituzke nik.

Horietako lehena, hezkuntza-sektoreko gainerako zentroetatik argi bereizten gaituena, zera da, federatutako kooperatiba gehienek “erabilera publikoko” erakundeen izendapena jaso dutela Eusko Jaurlaritzaren eskutik. Horretarako, lehendabizi, kooperatibek Gizarte Ekimeneko Kooperatiben izendapena jaso behar dute, eta hori lortzeko, ezinbestekoa da zenbait eskakizun zehatz betetzea: irabazia lortzeko asmorik ez izatea, batetik, eta haien jardunaren bitartez, Euskadiko interes orokorrari laguntzea, bestetik.

Ikastetxeen beste sozietate-izaeren aldean, desberdintzen gaituen bigarren ezaugarria, aldiz, beste hau da: haien jarduna amaituko balitz, irakaskuntzako kooperatiben ondarea, normalean eskatzen ez diren ekarpenak bazkideei itzuli ondoren, Administrazio Publikoaren eskuetara itzuliko litzatekeela. Zalantzarik gabe, horrek bakar eta berezi egiten gaitu gure sektorean.

 

Euskal Hezkuntza Legea

Hedabideek Euskal Hezkuntza Lege berri batez hitz egiten dute. Zein Da ERKIDE-Irakaskuntzaren ikuspegia gain honetan?

ERKIDE-Irakaskuntzak urteak daramatza horrelako neurri bat eskatzen, Euskal Hezkuntza Sistema osoa eta zentro guzti-guztiak arautuko dituena, horien titularra edozein dela ere. Ezin ahaztu dezakegu Euskal Eskola Publikoaren legea baino ez daukagula, sistemaren erdiarentzat besterik balio ez duena eta dagoeneko 25 urte bete dituena. Lege horrek Euskal Hezkuntza Sistema zerbitzu publiko bat dela aldarrikatzen du, zentroen izaera eta nortasuna errespetatzera dei egiten du eta baliabideen banaketak bidezkoa izan behar duela dio. Hau da, Euskal Hezkuntza Lege baten beharra aldarrikatzen du. Hortaz, ilusio eta arreta handiz jaso dugu iragarpena, are gehiago kontuan hartuta Eusko Jaurlaritzak data jarri diola lege horri, 2019. urtea, eta aurretik Hezkuntza Itun bat lantzeari ekin diola.

Aurretiko Hizkuntza Itun bat?

Bai. Ikasturte honen hasieran, Hezkuntza Sailak hezkuntza eta gizarte-arloko hainbat eragile elkartu zituen, besteak beste ERKIDE-Irakaskuntza. Bertan, Hezkuntzaren aldeko Akordio bat bultzatzeko metodologia eta egutegia azaldu zizkigun. Hori lortzeko, bost lan-esparru zehaztu dituzte, hezkuntzaren funtsezko osagaiak ardatz hartuta: bizikidetza, hizkuntzak, ebaluazioa, zentroen autonomia eta hezkuntzaren modernizazioa. Elkarrekin hausnarketa prozesu bat egitea da gakoa, etorkizuneko Euskal Hezkuntza Legeari ekiteko oinarrizko printzipioak adosteko lagungarri izan dadin. Eta ikasturte honen amaieran lortu nahi da akordio hori. Hezkuntza itunaren prozesua eta etorkizuneko hezkuntza legearen prestaketa arreta handiz jarraitzeaz gain, lan egiteko eta ardurak hartzeko prest dago ERKIDE-Irakaskuntza, sistema osoaren ikuspegia kontuan hartuta, etorkizuneko erronkei erantzuteko helburuarekin. Horretarako, esparru honetan dagoen aniztasuna aintzat hartu eta errespetatu egin behar da, eta, beraz, adostasunak lortzeko jarrera irekia ezinbestekoa da.

 

Ikasle Kooperatibak

Ikasle Kooperatibak sortzeko lanean ari zaretela entzun dugu. Azalduko diguzu zer diren eta zeintzuk diren haien helburuak?

Ikasleei kooperatiben errealitatea eta balioak helarazi ahal izateko, zenbait kooperatiba-taldek ikasle-kooperatiben esperientzia martxan jarri zutela jakin bagenekien, eta esperientzia horiek bertatik bertara ezagutzeko erabakia hartu genuen. Horretarako, esperientzia zehatzen berri jasotzeko lan-saioak antolatu genituen, eta Kataluniako hezkuntza-zentroetara egin genuen bisita martxan zeuden ikasleen kooperatibak zuzenean ezagutzeko baliatu genuen.

Kooperatiba horien bitartez, gure ikasleek, eskola garaian, kooperatibismoa bertatik bertara ezagutu dezaten nahi dugu, kooperatiba bat sortzea, ikasturte osoan bertan lan egitea eta ikasturte amaieran ixtea baita esperientzia horren helburua. Horrela, lan kooperatiboaren esperientzia-gelak sustatu eta hainbat oinarrizko konpetentzia eta ekiteko gaitasun garatzen dira.

Hasierako bultzadaren ondoren, 2016-17 ikasturtean, ikasleen 8 kooperatiba sortu ziren, baina aurten kopuru hori gainditzea espero dugu.

Horrez gain, kooperatibismoa ezagutzera emateko beste ekintzaren bat egiten duzue?

Bai. Duela hainbat urte, “ikasgeletan kooperatibismoa ezagutzera emateko kanpaina” jarri genuen abian, eta 40 prestakuntza-saio eskaintzen zaizkie Bigarren Hezkuntzako eta Batxilergoko ikasleei. Horrez gain, ikasturte honetan, lanean kooperatibismoa zabaltzeko lan-ildo berri bat jarri dugu abian. Kooperatibako langileen artean lan kooperatiboa ezartzea da helburua, hau da, lankideekin modu kooperatiboan lan egitea, zentroaren antolakuntzan bertan, eta dagoeneko jardunaldi bat egin dugu, esperientzia zehatz oso interesgarriekin.

Aukera hau ere baliatu nahi dut esateko, laster, Ikaskidetza Programari buruzko liburu bat argitaratuko dugula, EKGK eta HUHEZIrekin batera, irakaskuntzako kooperatiba askotako ikasgeletan ikaskuntza kooperatiboa ezartzeko hainbat urtez egindako lanaren berri emango duena.

Duela gutxi Estatuko hainbat ikastetxe bisitatu dituzue. Zeintzuk dira bisita horien ondorioak?

Beti eman diogu garrantzia handia izaera didaktikoko irteerak egiteko aukerari eta hezkuntza-arloan berritzaileak izan daitezkeen eta gure kooperatibei hobetzeko proposamenak eskaintzeko zein aldaketak bultzatzeko gai izan daitezkeen beste esperientzia eta hezkuntza-eredu batzuk ezagutzeari. Horren erakusgarri dira Finlandiara, Holandara, Belgikara eta Kanadara egin ditugun bidaiak. Hala ere, duela hiru urte ohartu ginen hezkuntza berritzeko erronkan abangoardian zeuden hainbat zentro zeudela gugandik hurbilago, eta emaitza pedagogiko onak zituztela, gainera. Horrenbestez, azken bi ikasturteetan, hezkuntzaren berrikuntzan puntakoak diren zenbait zentro bisitatu ditugu Bartzelonan eta Madrilen.

Proposamen metodologiko berriak eta emaitza onak dituzten antolatzeko marko berriak bertatik bertara ezagutzeko aukera izateaz gain, kooperatibek abian jarritako berrikuntzaren bidearen norabidea egokia dela baieztatu ahal izan dugu bisita hauetan. Esango nuke horixe izan dela ondorio nagusia.

Gaur egun, irakaskuntzako euskal kooperatibek nahiko argi daukate gizarteak eskatzen duen eredu pedagogikoaren marko berria, irakaskuntza-ikaskuntza prozesuan beharrezkoa den paradigma aldaketa. Hori dela-eta, zentroek eraldaketa prozesu sakon bati ekin diote, ikaslea erdigunean jartzeko, ikasgelak eta eskola antolatzeko moduak eraldatzeko eta metodologia berriak ezartzeko, zentro horietan dagoeneko ikus daitekeen moduan.

 

Patxi Olabarria
KONFEKOOPeko Presidenteordea
ERKIDE-Irakaskuntza koordinatzailea

Kategoria: IRITZIA Etiketak , , . Gorde lotura.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude