2017an Elkar-Lanek 138 kooperatibaren sorrera bultzatu du

ELKAR-LAN Koop.E.k, Kooperatibak Sustatzeko Elkarteak, 2017an egindako lanen laburpena eta Kooperatiba Enpresen Ekimenen Behatokiaren XII. txostena aurkeztu ditu.

Ekintzailetza eta sustapena

2017an, ELKAR-LANek 138 kooperatibaren sorrera bultzatu du, eta, gainera, beste 52 ekintzaile talderekin lan egin du, hainbat arrazoi direla medio, azkenean enpresa izaera hartu ez dutenak.

Eratutako kooperatiba gehienak, 130, laneko kooperatibak izan dira. Horrez gain, 6 etxebizitza-kooperatiba, kontsumo-kooperatiba 1 eta bigarren mailako kooperatiba 1 eratzeko laguntza eman du. 138 kooperatiba horietan, 464 enplegu sortu dira. Kooperatiba berri bakoitzean batez beste 3,36 enplegu sortu dira.

Jarduera-sektoreari begiratuta, gehienak Zerbitzuen sektorekoak izan dira (informatika, gizarte-zerbitzuak, arkitektura, aholkularitza, komunikazioa, kultura, prestakuntza, turismoa, arkeologia, dekorazioa, ingeniaritza, hizkuntza-zerbitzuak, teknologia eta vendinga); beste sektore batzuk: Eraikuntza, Merkataritza, Ostalaritza, Etxebizitza, Arte Grafikoak, Hezkuntza, Garraioak, Autogintza, Elektriko-Elektronikoa, Energia, Telekomunikazioak, Elikadura, Ehungintza, Artisautza, Altzariak-egurra, Galdaragintza eta Metal-mekanikoa.

Horrez gain, ELKAR-LANek informazio eta zabalkunde-lan handia egiten du. Bilerak eta topaketak antolatzen ditu Enpresak sustatzeko zentroekin, Tokiko garapena bultzatzeko agentziekin, udalekin, diputazioekin, fundazioekin, elkarteekin, aholkularitzekin, merkataritza-ganberekin, prestakuntza-zentroekin… kooperatiba aurkeztu eta ezagutzera emateko eta sustatzaile eta ekintzaileen sare bat mantentzeko helburuz. Hainbat ekitaldi, ikastaro eta hitzalditan parte hartzen du, Kooperatibak eta Kooperatiben Mugimendua ikusarazteko eta gizarteari horien inguruko informazioa emateko.

Kooperatiba-enpresen Ekimenen Behatokiaren XII. txostena

2002ko abenduan eratu zenetik, ELKAR-LANek 1.036 enpresaren sorrera bultzatu du.

ELKAR-LANek eratzen lagundutako Kooperatiben heriotza-tasa %5,71koa da, 55 kooperatiba besterik ez direlako likidatu eta 36 desegin, nahiz eta aktibo ez dauden kooperatibak 196 diren (likidatutako 55ak eta desegindako 36ak barne). Horiek ere kontuan hartuta, heriotza-tasa %21,75ekoa litzateke.

Enpresa-ekimen gehienak zerbitzuen sektorekoak dira. Industria eta nekazaritza-arlokoak oso gutxi dira.

EAEko ekintzaile gehienak gizonezkoak dira (%66), 25 eta 54 urte bitartekoak, erdi edo goi-mailako ikasketekin. Emakume ekintzaileak kooperatiben arloko ekintzaile guztien %34 dira, aurreko urteetako kopuru bertsua.

Ekintzaileen %87 esperientzia profesionala dauka aurretik.

Kooperatiben izaera juridikoa aukeratzeko eman diren arrazoiak:

  • Filosofiagatik (konbentzimendu sozietarioa): %31
  • Aholkularien gomendioz: %20
  • Abantaila eta laguntzengatik: %37
  • Beste arrazoi batzuengatik: %13

Finantzen arloan, kooperatibek eratzeko unean egiten duten batez besteko inbertsioa 7.000 eurokoa izaten da. Proiektuen %32k kanpoko finantzaketa behar izaten du.

Gizarte Segurantzaren erregimenari dagokionez, aldiz, %80k Langile Autonomoen Erregimen Berezia aukeratzen du eta %20k soilik egiten du Gizarte Segurantzaren Erregimen Orokorraren aldeko hautua. Autonomoen Erregimena aukeratzeko arrazoiak honako hauek izaten dira: ekonomikoagoa dela eta aholkulariek aholkatzen dutela; gainera, diferentzia ekonomikoa aseguru pribatuetara bideratzen dute.

 

Agustín Mendiola                                              Javier Sanz
ELKAR-LANeko Presidentea                                  ELKAR-LANeko Zuzendaria

Kategoria: BERRIAK Etiketak , , . Gorde lotura.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude