Kontsumitzaileak proiektu baten bazkide izaten egiten duen ekarpena funtsezkoa izan da eta izango da proiektu horren garapenerako

Teknologia berrien eraginez, produktuak eta zerbitzuak eskaintzen dituzten enpresak eta kontsumitzaileak aldatzen ari dira

Zer da ERKIDE-Kontsumo?

Kontsumo-kooperatibismoa 1988an eratu zen Federazio propio batek, EKKF – Euskadiko Kontsumo Kooperatiben Federazioak, ordezkatu du historikoki. EKGK – Euskadiko Kooperatiben Goren Kontseiluaren ekimenez sortu ziren Federazioetako lehena izan zen.

2015ean, ERKIDE eta EKKFren arteko hainbat solasaldiren ondoren, Federazioa osatzen genuen 8 kooperatibek ERKIDEn sartzeko prozesu bati ekitea erabaki genuen, gure helburu nagusiei eusteko aukera ematen zigulako: kontsumo-kooperatibismoaren errealitatea ikusaraztea eta sustatzea, kooperatibetako profesionalen trebakuntza garatzea eta kontsumitzaileak babestea, elikadurarekin zerikusia duten gaietan emandako prestakuntzaren bidez.

2017a 10 kooperatibako erroldarekin itxi dugu, guztira 11.600 langile eta ia 1.100.000 bazkide kontsumitzaile dituztenak.

Zein leku du ERKIDE-Kontsumo ERKIDEren barruan?

Federazioaren parte den kooperatiba klase bakoitzeko talde sektorialak eratu daitezke ERKIDEren barruan. Kontsumo Kooperatibak ERKIDEn sartu zirenean, Irakaskuntzako Kooperatibek osatutako ERKIDE-Irakaskuntza martxan zegoen.

Kontsumo Kooperatibek ERKIDE-Kontsumo sortu genuen, Kontsumo Kooperatiben ordezkari izateko eta zerbitzu eta jarduera erabilgarriak eskaintzeko kooperatiba horiei.

ERKIDE-Kontsumok koordinatzaile bat dauka, eta bera da talde sektorialaren ordezkari nagusia edozein erakunderen aurrean. Horrez gain, batzorde sektorial bat dago, taldeko kide diren kooperatibetako hainbat ordezkarirekin. Batzorde horrek zehazten ditu ERKIDE-Kontsumok egingo dituen jarduera eta programak, eta gainera, talde sektorialeko kideak kontsumo-arloko kooperatibismoaren ordezkariak dira kooperatibismo mota honen inguruko gaiak jorratzen dituzten bestelako gainegitura, elkarte edo organismoetako organoetan.

Kontsumo Kooperatibek leku iraunkor bat dugu ERKIDEren artezkaritza-kontseiluan, eta horren bidez, KONFEKOOP – Euskadiko Kooperatiben Konfederazioan eta EKGK – Euskadiko Kooperatiben Goren Kontseiluan parte hartzen dugu.

 

Ezaugarri bereizgarriak

Zeintzuk dira kontsumoaren sektorean eredu kooperatiboak dituen berezitasunak eta abantailak?

Nik Euskadin daukagun kontsumo-kooperatibismoaren bi ezaugarri bereizgarri nabarmenduko nituzke. Gainerako familia kooperatiboekin alderatuta, bazkide kontsumitzailearen figura da arreta deitzen duen lehenengo berezitasuna. Martxan jarri zirenetik, Kontsumo Kooperatibak bazkide kontsumitzaileen interesak babesteko eratu ziren, eta bazkide horiek izan dira kooperatiben oraina eta etorkizuna erabaki duten protagonistak. Hasiera batean, askotariko eta hurbileko elikagai seguruak eskuratzea zen kontsumitzaileen interesen ardatz nagusia. Gaur egun, aldiz, helburu horiek betetzeaz gain, bazkide kontsumitzaileak proiektu baten parte izan nahi du, hainbat arlotan kontsumo arduratsu eta iraunkorra egin ahal izateko prestakuntza eta informazioa eskuratzeko aukera emango diona: kontsumo handiko elikagai eta ondasunak, energia, kultur zerbitzuak, bizikidetza-guneak.

Kontsumitzaileak proiektu baten bazkide izaten egiten duen ekarpena funtsezkoa izan da eta izango da proiektu horren garapenerako. Eta merkataritza-enpresa batek nekez imitatu ahal izango duen zerbait da.

Bigarren berezitasuna berezkoagoa dute zenbait Kontsumo Kooperatibak. Ohikoa izan da kooperatiba horien bazkide bakarrak bazkide kontsumitzaileak izatea. Kooperatiba horietan bazkide langileak egotea Espainian besterik ez da gertatzen Europa osoan, eta Eroski Kooperatibak bere garaian hartutako erabakiaren ondorio da, ondoren harekin nola edo hala lotutako beste hainbat kooperatibak ere jarraitu duten bidea.

Euskadin kontsumo kooperatibismoaren erreferentzia nagusia EROSKI Koop.E. izango da, ezta?

Eroski Euskadiko kontsumo-kooperatiba handiena da, bai, eta espainiar estatuko kooperatiba-talderik handiena, hala fakturazioari nola langile eta bazkide kontsumitzaileen kopuruari begiratuta.

ERKIDE-Kontsumoren barruan, Eroski, Bide Onera, Goiener eta halako kooperatiba handiekin batera, elikadura-arloko kontsumo-kooperatiba txikiak ere badaude, denda bakarrarekin kooperatiben izpirituari eusten diotenak, kasuren batean sortu zirenetik 125 urte igaro ondoren ere bai. Aiaraldea, Laudioko Hizkuntza-zerbitzuen kooperatiba bat ere badago gure artean.

Kontsumo elektrikoaren inguruko kooperatibismoa estatuan hazten ari da?

Zalantzarik gabe. Sektore elektrikoan eta bizilekuen esparruan garatzen ari dira kontsumo-kooperatibismoaren proiektu berriak.

Kooperatiba elektrikoen kasuan, mugimendu handi bat eratzen ari da, hainbat kooperatiba historiko dituen Valentzia aldean jaio dena eta geografia osora abiada bizian zabaltzen ari dena. Euskadin Goiener daukagu, mugimendu horren ordezkari handi bat eta estatuan eratzen ari den energia berdearen mugimenduaren buru.

Zeintzuk dira 2018an garatuko dituzuen kontsumo-arloko programak?

Historikoki, kontsumo-arloko programak estatuari begira jorratu ditugu, HISPACOOPen bidez, eta aurten ere hala izango da. Oso garrantzitsua da, kooperatiba txiki eta handien bidez, kontsumitzaile askorengana iristea.

Hain zuzen, 2018an, hainbat lan-ildo izango ditugu: kontsumitzaileentzako informazioa sektore elektrikoko babes-neurrien inguruan, gizarte-bonu elektrikoa ardatz hartuta; kontsumitzaileek elikadura-arloan hautaketa osasuntsuagoak egiteko informazioa, komunikazioa eta sentsibilizazioa; eta azkenik, hainbat programaren bidez, elikagaiak alferrik galtzearen aurkako borrokan jo eta su arituko gara.

 

Teknologia berriak

Teknologia berriek eragin handia ote dute kontsumo-ohituretan? Iraultza baten aurrean gaude arlo horretan?

Argi dago teknologia berrien eraginez, kontsumitzailea eta produktuak eta zerbitzuak eskaintzen ditugun enpresak aldatzen ari garela baina nik, iraultza baino, bilakaera deituko nioke. Kontsumitzailearen egoera, gustuak eta beharrak aldatu ahala, zein produktu erosi nahi duen, zein dendatan eta noiz erabakiko du. Kontuan hartu behar dugu espainiarren %45 elikagaiak online erosten dituela, gutxienez hilean behin, eta kopuru hori %64,5ekoa dela millennialen kasuan.

Kontsumitzaileak bizitza errazago bat nahi du, eta teknologia berriei esker, aniztasuna, azkartasuna eta lehiakortasuna eskaintzen duen ekosistema batera etengabe konektatuta egon daiteke. Halaber, produktuak eta zerbitzuak eskaintzen ditugun enpresei teknologiak informazio kopuru handiak erabiltzeko eta neurrirako proposamenak aurkezteko aukera ematen digu, duela gutxira arte ia pentsaezina zena.

 

HISPACOOP – Kontsumo Kooperatiben Espainiako Konfederazioko presidente izateko ardura duzu. Zeintzuk dira une honetan HISPACOOPen lehentasunak?

Elikagaien kontsumoarekin loturiko proiektuak sendotzen eta bizikidetza-guneen sektorea eta sektore elektrikoa ernatzen ari diren garaiotan, kontsumo-arloko kooperatibismoak une oso garrantzitsua bizi du. Proiektu berriei laguntza ematea, eta horrela sektore berriak gorpuztea eta kontsumo-kooperatibismoa indartzea, gure lehentasun nagusia da orain.

HISPACOOP sendotzea da beste lehentasunetako bat, kontsumo-arloan erreferente izango den erakundea izan dadin. Urteak eta urteak eman ditugu ondasun eta zerbitzuen kontsumo arduratsuaren inguruko informazioa eta prestakuntza ematen kontsumitzaileari, eta orain, informazioa horren eskura daukagun teknologia berrien mundu honetan, kontsumitzaile, kooperatiba, erakunde eta gizarte osoarengana iristeko moduak egokitu behar ditugu.

 

Mikel Larrea
ERKIDE-Kontsumoren Koordinatzailea

Kategoria: IRITZIA Etiketak , , . Gorde lotura.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude