Kooperatibak SPRIren Administrazio Kontseiluan sartu dira

Euskadiko Gizarte Ekonomiaren barruko Euskal Kooperatiben Mugimenduak izan duen helburu eta aldarrikapen zaharretako bat bete egin da: SPRIren Administrazio Kontseiluan parte hartuko du aurrerantzean, eta martxoaren 28an egin zen bileran, kooperatiben mugimendua bertan egon zen lehen aldiz, Iñigo Ucín Mondragon Taldeko presidentearen bidez.

 

Euskal Kooperatiben Mugimendua SPRIren Administrazio Kontseiluan sartu da, eta horri esker, bere aldarrikapen historikoetako bat gauzatu ahal izan du. Martxoaren 28an, kooperatibek parte hartu zuten kontseiluaren lehen bileran egon zen Iñigo Ucín Mondragon Taldeko Presidentea.

Duela urtebete baino gehiago ekin zitzaion Kooperatiben Mugimendua Eusko Jaurlaritzaren Enpresa-garapenerako Euskal Agentzian sarrarazteko prozesuari, SPRI Industria Sustatu eta Berregituratzeko Sozietatea (garai hartan zuen izena) sortzeko ekainaren 10eko 5/1981 Legea aldatzeko proposamena egin zuenean Euskal Talde Popularrak. Legebiltzarreko talde guztiek babestu zuten ekimenaren helburu nagusia Lege horren 6. artikulua aldatzea zen, SPRIren Administrazio Kontseiluan mugimendu kooperatibistaren ordezkaritza bat sartzeko eta kontseilu horri bere helburuak eta xedeak betetzen lagunduko dion aholku-batzorde bat izendatzeko.

2017ko martxoaren erdialdean, aldaketa hori Legebiltzarreko osoko-bilkuran eztabaidatzeko aukeraren alde egin zuen Eusko Jaurlaritzak, baina ohartarazi zuenez, SPRIren Administrazio Kontseiluak “ahalik eta praktikoena eta operatiboena izan behar du, eta arrazoizko neurri bat eduki. Talde zehatz batekin, esate baterako gizarte-ekonomiarekin, salbuespen bat egiten bada, gerta daiteke sektore, lurralde edo bestelako ordezkaritza bat duten beste elkarte batzuek ere eskari bera egitea”.

 

Onespena

Tramiteak aurrera egin zuen, eta zegokion Legebiltzarreko batzordean proposamenak baiezkoa jaso ondoren, Eusko Legebiltzarreko osoko-bilkurak azaroaren 2ko 4/2017 Legea onartu zuen, SPRIren sorrerari buruzko ekainaren 10eko 5/1981 Legea aldatzeko. Lege berri horri esker, “Euskal industria sustatu, bultzatu eta hedatzeko lanean zuzenean eragiten duten helburu eta eginkizunak dituen Lehiakortasuna Eraldatzeko Sozietatearen Administrazio Kontseiluan Gizarte Ekonomiaren ordezkari bat sartuko da”.

Gizarte Ekonomia ordezkatzeko KONFEKOOP Euskadiko Kooperatiben Konfederazioa hautatu zuten. Erakunde horrek Iñigo Ucín Mondragon Taldeko Kontseilu Nagusiko presidentea proposatu zuen 2017ko abenduan, eta Eusko Jaurlaritzak izendapen hori berretsi zuen. Horrenbestez, ehun kooperatiba autonomo eta independentek baino gehiagok osatutako Euskadiko lehenengo eta Espainiako hamargarren enpresa-taldeko exekutibo nagusia iragan martxoaren amaieran eseri zen SPRIren kontseiluan.

 

“Gertakizun historikoa”

KONFEKOOPeko presidente Rosa Lavínentzat egoera berri hau gertakizun historiko bat da, mugarri bat kooperatibismoaren historian, “kooperatiben ereduaren ezarpenaren eta eredu horrek Euskadiko ehun ekonomiko eta sozialari egiten dion ekarpenaren aitorpena delako. Kontuan hartu behar dugu kooperatibak euskal BPGd-aren %6 direla, bai eta enplegu osoaren %6 ere; edo industria-sektorea besterik ez badugu kontuan hartzen, %7,8.”

SPRIren Kontseiluan (industriaren eta berrikuntzaren esparrua) presente egoteko egindako lanaz gain, kooperatibismoa Euskadiko Eskola Kontseiluan (hezkuntza) eta LANBIDEn (enplegua) ordezkaritza lortzeko ere jo eta su ari da. Jaurlaritza Euskadiko Eskola Kontseiluen urriaren 28ko 13/1988 Legea ere aldatzeko prest agertu da (hau ere Euskal Talde Popularrak proposatuta), kooperatiba izaera duten ikastetxe pribatuen ordezkaritza batek bertan lekua izan dezan. Prozesu horren bideak aurrera darrai, eta ematen duenez, Legebiltzarreko taldeen babesa dauka. Hortaz, beste erreforma hau ere aurrera aterako dela espero du KONFEKOOPeko Presidenteak.

 

Lanbide

LANBIDEren kasua, aldiz, bestelakoa da. Euskadiko enpresa-erakundeen ordezkari izateko administrazio-kontseiluan dauden bost kideak CONFEBASKek izendatu ditu, eta Euskal Kooperatiben Mugimenduko arduradunen ustez, “Euskadiko errealitate sozio-enpresarialetik zeharo urrunduta dagoen zerbait da hori, bidegabea eta baztertzailea izateaz gain”. Baina, Rosa Lavínen arabera, EKM LANBIDEren kontseiluan sartzeari buruzko kontu guztiak geldirik daude. “Eusko Jaurlaritzak Enplegu Legea berregin nahi duela ematen du, eta une horretatik aurrera, ikusiko dugu zer gertatzen den. Baina, momentuz, ez dago ezer”.

KONFEKOOPeko Presidenteak baieztatu du LANBIDEren kontseiluan sartu ahal izateko lan egingo duela EKMk aurrerantzean ere bai, “Kooperatibek euskal ekonomian daukaten pisuarengatik eta egiten duten ekarpenarengatik” batetik, eta “kooperatiben bidez besterik ezin delako kooperatiben eredua aintzat hartu eta integratu” bestetik.

 

Joserra Blasco
Redactor de Estrategia Empresarial

www.spri.eus

Kategoria: BERRIAK Etiketak , , . Gorde lotura.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude