ERKIDE-Irakaskuntzak hezkuntza-esperientzia berritzaileen aldeko apustuari eutsi dio

ERKIDE-Irakaskuntzako ordezkaritza bat, 72 pertsonak osatua, Madrilen izan da duela gutxi, hezkuntza-arloko esperientzia berritzaileei buruzko zuzeneko informazioa lortzeko.

Bisita pedagogiko hori apirilaren 16tik 18ra bitartean egin zen, baina haren hazia 2005. urtearen amaierakoa da. Orduan, ERKIDE-Irakaskuntzako zenbait arduradunek Finlandiako ikastetxe batzuk bisitatu zituzten. Garai hartan, Finlandia denen ahotan zegoen hezkuntzaren ikuspegitik, bai nazioarteko proba guztietan lortzen zituzten emaitza onengatik, bai curricumulari eta ikaskuntza-prozesuari aurre egiteko modu desberdinagatik. Gerora, antzeko beste bidaia batzuk egin ziren, besteak beste Belgikara, Holandara, Kanadara, eta Catalunyara, Madrilera eta beste autonomia-erkidego batzuetara.

Bidaia horien helburua zen eta da leku horietako ikastetxeetan hezkuntza-arloan dauden berrikuntzak eta esperientziak zuzenean ezagutzea, gure irakaskuntza-kooperatibetan ezar daitezkeenak.

Iaz, martxoan, ERKIDE-Irakaskuntzako ordezkaritza bat Madrilgo zenbait ikastetxetara joan zen, eta horretarako sortutako lan-batzordeak erabaki zuen autonomia-erkidego horretara berriro joatea. Bigarren bisita horren helburua izan da lehen bisitako ikastetxeek hezkuntza-berrikuntzan dituzten proposamen eta esperientzietan sakontzea, baita interesgarriak ziren beste batzuk bisitatzea ere.

Madrilera joan den ordezkaritzan, irakaskuntza-kooperatibetako zuzendaritza-taldeetako kide asko joan dira, bai kudeaketa-arlokoak, bai pedagogia-arlokoak. Hain zuzen, 39 kooperatibatako 72 pertsonak osatu dute ordezkaritza, eta, gehienez, bi pertsona joan zitezkeen kooperatiba bakoitzetik.

Madrilen zeudela, eta lau taldetan banatuta, ordezkariek 17 ikastetxe bisitatu zituzten: kooperatibak, itunpeko ikastetxeak (erlijiosoenak eta laikoak), ikastetxe pribatuak —hots, finantzaketa publikorik ez dutenak—, bestelako ikastetxeak eta titulartasun publikoko eskola bat.

Elkarrizketa egin diogu ERKIDE-Irakaskuntzako koordinatzaileari, bisitaren helburuak, garapena eta ondorioak sakonago ezagutze aldera:

  • Irteera pedagogiko honek berresten du hasitako bideari eutsi behar diogula
  • Irakaskuntza Kooperatibek gainerako ikastetxeekin alderatuta duten berezitasuna balioetsi behar dugu
  • Ondorioen berri ERKIDE-Irakaskuntza osatzen duten Kooperatiba guztiei emango diegu

Zein izan da bisitatutako ikastetxeen profila?

Bisitatu ditugun ikastetxe guztiak gauza batean dira berdinak. Zer ezaugarri dituzten ere, denak ari dira hezkuntza-arloan berrikuntza-prozesuak garatzen. Esaterako, honako ikastetxe hauek bisitatu genituen: Ártica irakaskuntza-kooperatiba, elkarlaneko ikaskuntzan erreferentzia; Padre Piquer ikastetxeak, ataza anitzeko lankidetzako ikasgelak dituena, aniztasunaren tratamenduaren adibide ezin hobea; Estudio ikastetxea, jolasaren, jarduera fisikoaren eta sormenaren aldeko hezkuntza-apustua egin duena; eta Arturo Soria ikastetxea, tutoretza pertsonalizatuaren aldeko proposamen espezifikoa egiten duena.

Gredos San Diego talde kooperatiboko ikastetxe batean ere izan ginen, hezkuntza-marketinean egin duten lana ezagutzeko; Trilema fundazioko bi ikastetxetan, proiektuaren araberako lanaren eta irakurketa-planaren berri izateko; Arcadia ikastetxean, hezkuntza emozionalean oinarritutako hezkuntza-proposamena ezagutzeko; Ideo eskolan, proiektuetan oinarritutako ikaskuntza-proposamena ikusteko; Brot Madrid ikastetxean, aniztasunaren trataera nola lantzen duten ikusteko; eta abar. Guztira, 17 ikastetxe.

Zein dira bisitatik atera dituzuen ondorio nagusiak?

Bidaian, ikastetxe bakoitzari buruzko dokumentazioa bildu genuen. Gainera, lantalde bat ikastetxeko horietako bakoitza ebaluatzeaz arduratu zen. Laster emango diegu horren guztiaren berri irakaskuntza-kooperatiba guztiei.

Gainera, bidaiatik itzulitakoan, ERKIDE-Irakaskuntzak bidaiaren zenbait alderdi ebaluatzeko eskatu zien parte-hartzaileei. Nire ustez, pozik egon behar dugu. Lehenengo eta behin, parte-hartze handia egon zelako, % 85ekoa hain zuzen, baina, gainera, pozez esan behar dugu bidaiaren balorazio orokorra 8,9koa izan dela 0tik 10erako eskala batean. Gainera, bisitatutako ikastetxe bakoitzaren ebaluazioa egin eta haien alderdirik garrantzitsuenak nabarmendu dira.

Badago bidaiaz egin daitekeen beste balantze bat: irteera pedagogoko honek eta aurrekoek balio izan digute federatutako irakaskuntza-kooperatiben hezkuntza-kalitate handia balioesteko eta hasitako bidea berresteko. Azken urteotan, kooperatibek hezkuntza ulertzeko modua aldatu dute. Esparruak eta ikasgelak aldatu, metodologia aktibo berriak erabili, gaitasunen araberako hezkuntza ikasgeletara eraman, irakaslearen zeregin berria moldatu, eta ikaslea irakaskuntza-prozesuaren ardatz bihurtu dute, helburua eta protagonista den aldetik.

Zein dira ERKIDE-Irakaskuntzaren gaur egungo erronka nagusiak?

Gaur egun, hezkuntzaren aldeko akordio bat gauzatzeko prozesuan murgilduta gaude —hezkuntzari buruzko euskal lege berrirako aurretiko pausoa—, gure iritziz ezinbestekoa baita euskal hezkuntza-sistema antolatzeko. Asteak joan eta asteak etorri hezkuntzari buruzko eztabaida partzial eta interesatuetan murgilduta gaudenez, erronkarik handienetako bat irakaskuntza-kooperatibek gainerako ikastetxeekin alderatuta duten berezitasuna balioestea da, Hainbat arauk eta legek aintzatesten dute espezifikotasun hori, gizartearentzat ezezaguna eta, gainera, modu interesatuan alboratua. Eta horretan erabiliko ditugu gure energia gehienak datorren ikasturtean

Kategoria: BERRIAK Etiketak , , , . Gorde lotura.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude