GSEF2018 – 4. Nazioarteko Gizarte Ekonomia Foroa

GSEF2018-Bilbao

Gizarte Ekonomiaren Foro Globala-GSEF2018 Global Social Economy Forumen (GSEFen) laugarren edizioa izango da. Nazioarteko biltzar garrantzitsu honek 2013an ekin zion bere ibilbideari, Seulen, gizarte-ekonomiaren tokiko aliatuen laguntzarekin. 2014an, Hego Korean egin zen bigarren biltzarrean, GSEF nazioarteko elkarte iraunkor bihurtu zen, tokiko ekonomiaren garapenean gizarte-ekonomia (GE) funtsezko osagaia dela uste duten tokiko gobernuen eta gizarte zibileko eragileen parte-hartzearekin. 2016an, Montrealeko Hiriak eta Chantier de l’Économie Sociale elkarteak elkarrekin antolatu zuten Montrealeko foroa, eta hirien garapenerako tokiko gobernuen eta gizarte-ekonomiako eragileen arteko lankidetzan aurrerapauso nabarmena eman zuten.

GSEF 2018 Bilbon egingo da, urriko lehen astean, Bilboko Udalak antolatutako ekimen baten baitan. “Tokiko garapen inklusibo eta iraunkor baterako balioak eta lehiakortasuna” izango da gai nagusia. Zehatzago, GSEF2018 foroan, enpleguak sortu dituzten, bizi-kalitatea hobetu duten eta gizarte-kohesioa eta inklusioa sendotu duten ekimenak aurkeztuko dira. Iraunkortasunaren funtsezko ideia oinarri hartuta, hirien eta eskualdeen lehiakortasunari ekarpen handia egin dioten eta hirien tokiko garapen inklusibo eta iraunkorra sustatu duten ekimenak izango dira guztiak.

Hona hemen Foroaren aurtengo helburuak:

  • Hiriguneetan Gizarte Ekonomiaren garapenerako elkarrekin eraikitako politika publikoei buruzko planeta osoko praktikarik onenak erakustea
  • Lehiakortasunaren gakoak integratzea, gizarte-ekonomiaren balio nagusiak aintzat hartuta
  • Gizarte-ekonomiaren garapena sustatzeko nazioarteko ekintzak ahalbidetzea
  • Tokiko gobernuen eta Gizarte Ekonomiako eragileen arteko lankidetzarekin zerikusia duten aukerak eta arazoak identifikatzea
  • GEaren ezagutza bultzatzea eta tokiko garapenean daukan paperaren aitortza lortzea, batez ere eragile publikoen, publiko orokorraren eta sektore pribatuaren artean.
  • GSEF eta bere helburuak betetzeko gaitasuna indartzea

1.300 biltzarkide bertaratzea aurreikusita dago (irailaren 17an izena emanda daudenen kopurua), eta 9 lan-saiotan antolatutako 42 tailerretan eta 5 osoko-bilkuretan parte hartuko dute, aldibereko 5 aretotan banatuta.

Honako hauek izango dira osoko-bilkuren gai nagusiak:

Gizarte Ekonomia sustatzea: Moda edo konpromisoa?
Alkateen mahai-ingurua, Gizarte Ekonomia haien hirien garapen sozial eta ekonomikoaren erdigunean jartzeak maila politikoan haientzat dituen ondorioez eztabaidatzeko, GEko ordezkariekin batera.

Gizarte Ekonomia hirien aroan
GSEFen helburu nagusietako bat hirien bilakaera eta gizarte-ekonomia lotzea dela nabarmentzea da saio honen xedea. Ia topiko bat da esatea XXI. mendea hirien mendea dela, haren ingurura biltzen baitira biztanle gehienak eta munduko erronka nagusien zati handi bat agerian geratzen delako bertan: klima-aldaketaren aurkako borroka, aniztasunaren kudeaketa, oinarrizko baliabideen optimizazioa, desparekotasunen eta pobreziaren kontrako borroka, etab. Saio honetan, erronka horiei aurre egiteko orduan, Gizarte Ekonomia tokiko gobernuen aliatu nagusia dela erakutsi nahi da.

Gizarte Ekonomiaren aldeko apustua: Hurbilpen bat kontinente desberdinetatik
Gizarte Ekonomiaren garapenaren aldeko nazioarteko politiken norabidea aurkezteko saioa izango da, izen garrantzitsuen arteko solasaldian.

Hiri kooperatiboa
Hirietan Gizarte Ekonomiaren sustapenarekin loturiko hainbat tokiko ekimen oinarri hartuta, haren gako nagusien inguruko solasaldia egingo da.

Gizarte Ekonomiatik garapen iraunkor eta inklusibo baterantz
Azken osoko-saio honetan, Gizarte Ekonomiak tokiko garapen iraunkor eta inklusibo baten alde egiteko daukan ahalmena hainbat ikuspegitatik erakustea da helburua.

Tailerretan, berriz, honako gai hauek hartuko dira hizpide: Ekintzailetza eta gizarte-berrikuntza, finantzaketa, Gizarte Ekonomiako erakundeen eta erakunde horien eta tokiko gobernuen arteko aliantzak, gizartearekiko arduraz jokatzen duten lurraldeak, Gizarte Ekonomia Garapen Iraunkorraren Agendako helburuen artean, Gizarte Ekonomiaren papera politika publikoetan, gizarteratzea eta laneratzea…

Horrez gain, MONDRAGON esperientziak tailer berezi bat izango duela nabarmendu behar dugu, eta Europako Ekonomia eta Gizarte Batzordea, Social Economy Europe, CEPES, ELGE eta LANE ere Foroan egongo direla.

Jarduera honen osagarri, bisita teknikoen 11 ibilbide antolatu dira, enpresen proiektu zehatzak bisitatzeko aukera eskainiko dutenak. Hona hemen antolatutako ibilbideen zerrenda:

  1. Kontsumitzaileen ibilbidea
  2. Finantzen ibilbidea
  3. Nagusien zaintzaren ibilbidea
  4. Ingurumenaren ibilbidea
  5. Industrien ibilbidea 1
  6. Industrien ibilbidea 2
  7. Gizarte-ekimenaren ibilbidea
  8. Gizarteratzearen ibilbidea
  9. Ekimen publikoko gizarteratzearen ibilbidea
  10. Bisita BBF – Bilbao Berrikuntza Faktoriara, Mondragon Unibertsitateak bultzatutako Gizarte-ekintzailetzarako espazioa
  11. MONDRAGON esperientzia. Bisita Arrasatera, MONDRAGON Taldearen laguntzarekin

GSEF2018 programa       www.gsef2018.org

Kategoria: BERRIAK Etiketak , , , , . Gorde lotura.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude