AEK, Euskal Herrian euskara normaltasunez erabiltzea

Aurtengo Korrika prestatzen buru-belarri aritzeaz gain, gure hizkuntzaren ezagutza, erabilera eta sustapenean jo eta ke lanean dihardu kooperatiba honek Euskal Herri osoan: euskaltegiak, barnetegia, tailerrak, euskara-planak, aholkularitza, itzulpengintza… Orotara 16.000 lagun inguru ari da AEK-ren ekimenotan esku hartzen. “Pertsonekin eta emozioekin” lan egiten dutela oso ondo dakite; baita “lan handia” dagoela oraindik egiteko ere.

 

“Gure bokazioa litzateke egunen batean ateak ixtea, eta ez krisiak jota, hain zuzen, gure misioa bete dugulako baizik”, dio erdi txantxetan baina serio Mertxe Mugika AEK Euskaraz Kooperatiba Elkarteko koordinatzaile nagusiak. Izan ere, Euskal Herrian euskara normalizatzea baitute helburu. Horretarako, orotara 530 bazkidez osatutako ehun euskaltegitik gora biltzen ditu kooperatibak bere baitan. “AEK berez ibilbide luzeko erakundea da, 40 urte ingurukoa, baina 2002an kultur elkarte izatetik kooperatiba izatera pasa zen, pentsatzen genuelako kooperatiba formulak eskaintzen digula gure baloreekin bat egiten duen lotura hori, hau da, modu demokratiko batez funtzionatzea eta guk kudeatzea gure enpresa”, azaldu digu Mugikak. Egun Euskal Herri osoan dituzte euskaltegiak, eta, horietatik lau bulego zentral gisa ere erabiltzen dituzte.

Ehunka ziren orain hamazazpi urte AEKn lanean ari ziren irakasle eta lankideak, eta, hala, denen artean sortu zuten kooperatiba. Denen artean. Euskal Herrian kokaturiko kooperatiba honen misioa oso argia da: “Euskal Herriko biztanle guztiek euskara ezagutzea, eta, era berean, herritarrek eta eragileek egunerokotasunean euskara normaltasunez erabiltzea”. Horretarako zertan aritzen diren? Euskara normalizatzeko esparru guztietan jarduten du kooperatibak. Zehazki, hiru dira parteak: ezagutza, erabilera eta sustapena. Lehenari dagokionez, lan-esparru nagusiena helduen alfabetatzea litzateke. Horretarako, zinez ezagunak diren euskara klaseak dituzte. “Une honetan gure euskaltegietan 10.000 ikasleren bueltan izango dira. Iaz, esaterako, 12.000 ikaslerekin bukatu genuen ikasturtea. Aurrez aurre ematen ditugu klaseak, autoikaskuntza, online, barnetegian… Aukera zabala dago”, dio koordinatzaile nagusiak.

Bigarrenik, eta erabilerari dagokionez, kooperatiba barnean ‘Ahize’ hizkuntza aholkularitza zerbitzua ere badute, alegia, euskararen erabilera sustatu eta areagotzeko zerbitzuak eta jarduerak eskaintzen dituzte. “Gure hizkuntza erabiltzeko planak-eta bideratzen ditugu, izan administrazioan, izan elkarte batean. Bezero asko ditugu esparru honetan, besteak beste, Osasuna Club de Futbol Fundazioarekin euskara-plana garatzen ari gara; Metrobilbaoren hizkuntza kudeaketa sistema diseinatzeko eta ezartzeko plana ere egiten ari gara; Lemoako Udalarekin udal barneko erabilera plana diseinatu eta garatzen aritu gara; edo Nafarroako Parlamentuko euskara-planaren diagnostikoa, diseinua eta ebaluazioa egin dugu”, azpimarratu du Mugikak.

 

Eusliderrak, lidergotzan oinarritutako tailerrak

Hizkuntza-aholkularitzaren barruan, uneotan badute oso ongi funtzionatzen ari den produktua: ‘Eusliderrak’. Zertan datzan? Hizkuntza-portaera berriak sortzeko tailerrak dira hauek, hain zuzen ere. Kide honen hitzetan, “leku askotan ematen ari gara: ikastetxeetan, lantegietan… Azken finean, lidergo kontuekin lotuta dauden hizkuntza-portaera berriak eratzeko tailerrak dira hausnarketaren bitartez. Hizkuntzarekiko jarrerak aldatzea eta hizkuntza-lidergoa indartzea da helburua. Euskara erabiltzeko lider batek garrantzia handia daukala ikusirik, horren inguruan egiten ditugu tailerrak: hitzaldiak, praktika txiki batzuk eta hizkuntza-trebakuntza saio osagarri batzuetan laburbilduko genuke hau, zehazki”.

Erabilerari dagokionez, kooperatibak ere baditu ‘Berbalagun’ edo ‘Gurasolagun’ bezalako praktika-jarduerak. “Euskara ikasten ari direnen eta euskara dakitenen arteko programak dira, euren artean lantzeko. Honen inguruan ere gauza asko egiten ditugu”, adierazi du.

 

Korrika, euskararen aldeko hautua

Hirugarren esparrua sustapena litzateke. Honen barnean Korrika da ekintzarik handienetakoa. “Bi urtean behin euskararen ekimen indartsuenetako hau dugu. Edizio honetako leloa ‘Klika’ da, euskaraz bizitzeko hautua egitea; uste baitugu konpromisoen aroa dela; euskara biziberritze horretan uneotan herri-gogoa topera dago eta hurrengo pausua da klika egitea euskaraz bizitzeko”, esplikatu du. Aurtengoa 21. edizioa dugu, zehazki, eta ibilbidea Garestik Gasteiza izango da, hain zuzen.

Halatan, Fermin Muguruza musikariak egin du aurtengo kantu eta bideoklip berritzailea. “Abestiarekin klika hori adierazi nahi izan dugu, jakitea batzuk egin dutela klika, Fermin berak, esaterako, euskara ikasi eta salto hori egin baitzuen. Eta La Furia eta Mad Muasel abeslariek ere ekarpen handia egin diote, orain arte gazteleraz edo ingelesez abestu dutelako eta orain, abesti honetan, euskaraz ere egin dutelako. Bideoklip koral honetan Korrikan bertan esan nahi dugula helarazi nahi izan dugu; energia pila bat du, gainera, energia metaketa oso handia dago”.

Jendea euskarara erakartzea da AEKren xede nagusia, eta, bideoklip honekin “gure hizkuntzarekin harreman zuzena ez duen pertsonengana heldu nahi dugu. Hori da asmoa, eta, noski, musikagintzari ekarpen berri bat egitea ere bai”, gehitu du Mugikak.

Euskararen aldeko beste apustu baten gisa ulertzen dute euren ‘Aizu’ aldizkaria. Hilero-hilero, ‘Aizu’ argitalpena plazaratzen duelako kooperatibak. “Gure bezero guztiek jasotzen dute, euskal kulturan ere erreferentzia izateko”. Honez gain, ‘Euskaratuz’ izeneko itzulpen-zerbitzua ere garatu du enpresa honek. “Enpresekin lan handia egiten dugu. ABAO opera-konpainia dugu, adibidez, bezeroetako bat”.

 

Etorkizunean “lan handia egiteko”

Euskal Herria euskalduntze horretan, “asko egin da, baina lan handia dago oraindik egiteko. Oraindik ere Euskal Herriko biztanleen erdiak ez daki euskaraz; hortaz, asko dira euskarara hurbilduko direnak, eta, euskararen ezagutzan urratsak ematen jarraituko dugu. Hor dago gure etorkizuna: ahalik eta denbora gutxienean emaitzak lortzea”.

Normalizazioari begira, gero eta euskara-plan gehiago dagoela onartzen du Mugikak, baina eremu sozio-ekonomikoa euskalduntzeko “lan handia” dago egiteko. “Teknologia berriak hor ditugu, eskaria ere ugaritzen ari da, bezero gero eta gehiago baititugu, eta, eskari horri ahalik eta hobekien erantzutea da helburua, etengabeko hobekuntza baten bidez eskarira egokituz, produktu berri eta eraginkorrak sortuz”, azpimarratu du idazkari nagusiak.

Hori gutxi balitz, euskara ikasteko materialgintzan ere ari dira etengabe, jendartearen joerei jarraikiz. “Guk pertsonekin egiten dugu lan eta gure produktuak beti egongo dira lotuta zelan eragin pertsonengan, emozioekin asko jokatzen dugu”. Izan ere, AEKn asko sinesten baitute elkarlanean. “Euskararen normalizazioa bai ala bai elkarlanean egin beharreko lana da”, azpimarratu du. Honenbestez, euskarak “lekuak irabazi” behar dituela uste dute, eta, zalantzarik gabe, horretan jarraituko dute buru-belarri. “Gure ekarpena behar-beharrezkoa da oraindik”.

 

Mertxe Mugika
AEK Koordinatzaile nagusia
Euskaraz kooperatiba Elkartea

Kategoria: BERRIAK Etiketak , , , . Gorde lotura.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude