EH Bildu, egungo egoera ekonomiko eta soziala

Maddalen Iriarte Eusko Legebiltzarreko EH Bildu Taldeko bozeramailea elkarrizketatu dugu, gaur egungo egoera ekonomiko eta sozialari buruz daukan iritzia eta horren inguruko Taldearen proposamenak ezagutzeko. Aurtengo aurrekontuen eztabaidaren ardatzetako bat enpleguaren kalitatea, langileen baldintza duinak eta ekonomia eta gizarte-arloan bidezkoagoak diren enpresa-ereduetarako trantsizioa izatea lortu dutela baieztatu digu.

 

Zer iruditzen zaizu gaur egungo egoera ekonomiko eta soziala?

Gaur egun Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan ditugun desparekotasun, lan-prekarietate eta gizarte-bazterketako indizeak ez dira onargarriak gizarte aurreratu batentzat. Krisi ekonomikoa atzean utzi dugula sinetsarazi nahi badigute ere, argi dago aro horrek gure gizartearen egitura goitik behera aldatu duela. Lehen asaldatzen gintuzten mila euroko soldatetara ohitu gara. Lan-erregulazio espedienteetara, kaleratzeetara, atea ixten duten lantegietara, gure hazkunde ekonomikoaren zutabea izan den euskal industriaren hondoratzeak utzitako eremu degradatuetara… gauza askotara ohitu gara. Orain, gure lantegiak beti arriskuan egotea normala iruditzen zaigu, segurtasun ekonomikorik ezak ekarri digun familien ezegonkortasuna, seme-alabak atzerrira bidaltzea soldata prekarioekin bizi daitezen, eta haiek etxera itzultzen ezin ikustea, hemen ez dutelako lanik aurkitzen. Gure eguneroko bizitzan, gure sistema ekonomiko eta sozialaren oinarriak aldatzen ari direla eta desorekak eta desparekotasunak gure gizartean geratzeko etorri direla erakusten duten zantzuak asko eta asko dira.

Ezin dugu errealitate hori ukatu, eta are gutxiago horrekin konformatu eta onartu. Egoera zuzendu eta konpontzeko nahikoa baliabide daukagu, baina orain arte murrizketak izan dira lehentasun nagusia, eta ez pertsonak. Administrazio gehienen eta egungo sistema ekonomikoaren baliabide gorena izan dira murrizketak, aberastasuna denen onuratik oso urrun dauden interes batzuetara eramateko.

Pertsona guztiei bizitza duin bat ziurtatzeak izan behar du gure lehentasuna, eta horrekin batera, noski, haien eskubideak ziurtatzea. Horretarako, ongizate-estatua berreraiki eta hedatu behar da, eta hori, ezinbestean, sektore publiko indartsu batek egin behar du, gainerako sektore ekonomiko eta sozialen gidari izango dena.

 

Susperraldi ekonomikoa euskal herritar guztiengana iristen ari da?

Esan dudan moduan, susperraldi bat bizi dugula sinetsarazteko ahalegina egiten ari dira, baina errealitatea bestelakoa da. Euskal familietan eta lan-munduan egunerokoan bizi behar dugun ezegonkortasun ekonomikoa da nagusi. Azken legegintzaldietan, Gobernuaren politika ekonomikoen eta aurrekontuen lehentasunek ez dute balio izan enplegu prekarioaren, gizarte-desberdintasunen edo gazteentzako aukera gabezien arazo larriei aurre egiteko. Defizita eta zorra kontrolatzeko eta gastu publikoa murrizteko obsesioaren ondorioz, aurrekontuek ez diete euskal herritarren beharrizanei erantzun.

 

Eredu kooperatiboa

Zure iritziz, eredu kooperatiboak balio bereizgarri bat dauka enpresa eta gizarte-arloko justizian?

Bizi dugun errealitate sozioekonomikoa eraldatzeko, ekonomiak euskal herritarren beharrizan sozialei erantzun behar die, eta eredu kapitalistak ez du horretarako balio. Horregatik behar dugu ekonomia sozial eta solidarioa. Ildo horretatik, euskal kooperatiben mugimenduaren garrantzia nabarmendu behar dugu. Eredu horrek argi eta garbi utzi du kalitatezko lanpostuak sortu, aberastasuna banatu eta langileek ekoizpen bitartekoen jabetza eskuratzeko bide erabat egokia dela.

Euskal kooperatiben mugimenduan, irizpide demokratikoak eta etekinak modu solidarioan banatzeko ideiak bere egin eta horien arabera antolatu eta ekiten duten erakundeak daude. Hori dela-eta, herrialde askorentzako eredu izan da, eta horretan aitzindari da oraindik. Ekonomiaren eta garapenaren arloko beharrei ez ezik, gure herriaren beharrizan eta helburu sozial eta kulturalei ere erantzuten jakin izan du.

Eta, hain zuzen ere, Kooperatibek daukaten balio erantsi horregatik, babes eta bultzada berezia merezi dute, kooperatibismoari laguntzeko politika publiko eraginkorren bidez. Horregatik uste dugu administrazio publikoak, ehun produktiboa eta komunitate osoa enpresa-eredu desberdinak bultzatzeko lanera erakarri behar ditugula. Bizi dugun errealitate sozioekonomikoa behetik gora eraldatu nahi badugu, ezinbestekoa da eragile guztiak elkarrekin aritzea, bakoitza bere esparrutik. Jaurlaritzak ezin du beste alde batera begiratu. Aberastasuna banatu eta bere lurraldean berrinbertitzen duten merkatuko egitura demokratikoen kontratazioa eta haien aldeko politikak bultzatu behar dira sektore publikotik; horretarako, gizarte-ekonomia eta ekonomia solidarioaren oinarriak kontratazioetan eta erosketetan txertatu behar dira, esate baterako, klausula sozialen bidez.

 

Zeintzuk dira euskal gazteen laneratzea errazteko hartu beharko liratekeen neurriak?

Gazteen prekarietate-egoerarekin amaitzea da gure helburua. Lanpostu duinak eta kalitatezko kontratuak sortzeko berehalako neurri zuzentzaileak behar ditugu. Bide horri ekiteko, hainbat neurri, plan eta programa helarazi berri dizkiogu gobernuari. Kolektibo hori lan-merkatura baldintza duinekin sartzeko funtsezkoa litzateke neurri horiek denak martxan jartzea.

Esate baterako, 20 milioi euroko aurrekontu-zuzkidura eskatu dugu Kalitatezko Enplegurako Aurrez aurreko Plan bat garatzeko, baldintza zehatz batzuetan kontratazio berriak egiten dituzten enpresa eta bestelako erakunde ekonomikoentzako laguntzak martxan jartzeko. Hain zuzen ere, kontratu mugagabeak, hiru urteko konpromisoa eta 1.200 eurotik gorako soldatak dira bete beharko liratekeen baldintza horietako batzuk. Gure proposamenean lehentasuna ematen zaie gizarte-ekonomiako erakundeei eta enpresa txiki eta ertainei, eta sektoreen artean, trantsizio ekologiko eta teknologikoarekin loturik dauden eta berrikuntzan oinarrituta dauden sektore estrategikoak lehenetsi ditugu.

Horrez gain, gobernuak gazteen egoera hobetzeko beste politika publiko garrantzitsu batzuk berehala bultzatzea ere eskatu dugu, hala nola talentua aberriratzeko neurriak edo doktoretza-programetako ikerlarien prestakuntza-beken bultzada.

 

Eta gazteen autoenplegua sustatzeko?

Gazte asko eta asko haien lan-ibilbideari ekiteko beharra dutela ikusten ari gara, baina ez diete enpresa arruntek eskaintzen dizkieten bideei jarraitu nahi. Horregatik, gure ustez, ekintzailetza kolektiboa bide bat izan daiteke. Haiek sortzen dituzten enpresak bultzatu behar ditugu, enpleguari beste balio bat erantsiko diotenak, beste lan-baldintza batzuk ezarriko dituztenak, beste begi eta ikuspegi batzuk erabiliko dituztenak errealitateari begiratzeko. Norbanako ekintzaileen eredutik ekintzailetza kolektibora jauzi egitea gazte horien behar eta nahiak betetzeko bide bat izan daiteke.

Horregatik, ekintzailetza kolektiboa sustatzeko planetan 5 milioi euroko inbertsioa egitea proposatu dugu, gizarte-ekonomiaren adierazpide desberdin guztietara heltzeko bide kolektibo bat etengabe bultzatzeko (batez ere emakume eta gazteentzat). Horretarako, ekonomia alternatiboa eta solidarioa bultzatu behar da, laguntzak eta laguntza horien jarraipena ziurtatu, eta batez ere digitalizazioari arreta berezia eskaini.

 

Zure ustez, Euskal Kooperatiben Mugimendua Lanbideren Administrazio Kontseiluan egon beharko litzateke?

Euskal Kooperatiben Mugimendua gure herrialdeko ehunka enpresaren eta milaka langileren ordezkaria da. Eta horrekin batera, gure herrialdearen esparru sozial eta ekonomikoari balio erantsi bat eskaintzen dion enpresa-eredu bat da. Horrenbestez, argi daukagu Lanbideren Administrazio Kontseiluan egon behar duela, eta foro horretan presente egoteko mugimenduaren aldarrikapenaren alde egin dugu.

 

Amaitzeko, zeintzuk dira EH Bilduren helburu nagusiak enpleguaren arloan?

Enplegua sustatzearekin zuzenean loturiko politikez gain, industria aurreratuaren eta esparru horren inguruko zerbitzuen aldeko apustua indartzea ezinbestekoa dela nabarmendu nahiko genuke, euskal ehun produktiboaren ardatza izan dadin. I+G+B-aren alde dauden neurriak eta industria sektorearen pisu erlatiboa handitzeko politika publikoak babesten ditugu, bai eta dibertsifikazioa ere, hala geografikoa nola produktiboa, mehatxu bat baino, aukera bat izan behar duen trantsizio energetiko baten testuinguruan. Industria-sektore berri hori balioaren eta kalitatezko enpleguaren sorkuntzaren motorea izango litzateke.

Enplegu-politiken esparru hertsian, kalitatezko enpleguaren sorrera da gure lehentasun nagusia, lan-baldintza duinak oinarri izango dituen enplegua, bazterketarik eta diskriminaziorik gabea, eta hain hedatuta dagoen egiturazko prekarietatea gainditzeko aukera emango diguna. Eta hori guztia feminismoaren ikuspegia aintzat hartuta eta ekonomia kudeatzeko beste modu batzuei lehentasuna emanda. Testuinguru horretan ulertu behar ditugu, hain zuzen ere, EH Bilduk 2019ko aurrekontuen negoziazio-mahaira eraman dituen proposamen zehatzak. 70 milioi euroko balioa duten proposamen sendo eta bideragarriak izan dira, lan-ildo berriak jorratzeko.

Horien guztien artean, enpresa-eredu berri bat sustatzeko laguntza ekonomikoak proposatu ditugu, enpresen demokratizazioarekin loturiko lehenengo esperientziak garatzeko, langileekin zerikusia duten hainbat arlori emandako bultzadaren bidez: informazioa eskuratzeko bideak, antolakuntza, parte-hartzea eta erabakitzeko gaitasuna, hala emaitzetan nola kapitalean. Horrekin batera, bi milioi euro eskatu ditugu, zenbait egoera zehatzetan (transmisioak, itxierak, porrotak…) enpresa-jarduera langileen esku utzi eta aurrera jarraitu dezala laguntzeko, eta Jaurlaritzaren baliabide guztiak (aholkularitza juridikoa, plangintza estrategikoa, diru-laguntza lerroak, elkartzeko baliabideak…) langileei eskaintzeko, beharrezkoa den jarraipen eta laguntza guztiarekin.

Ekonomia Zirkularra Sustatzeko Plan bat ere eskatu dugu, hau da, ekoizpen ereduaren trantsizioa sendotzeko estrategikoak diren hainbat esparrutan kalitatezko lanpostuak sortzeko diru-laguntzen lerro bat, gizarte-ekonomiako erakundeen bidez eta kontrataziorako klausula sozialetan oinarrituta.

Halaber, bereziki feminizatutako kolektiboen enpleguen kalitatea hobetzeko eta soldaten arrakala gainditzeko politikak eskatu ditugu, esate baterako zaintza-lanen esparruan.

Horrekin guztiarekin, aurtengo aurrekontuen eztabaidaren ardatzetako bat enpleguaren kalitatea, langileen baldintza duinak eta ekonomia eta gizarte-arloan bidezkoagoak diren enpresa-ereduetarako trantsizioa izatea lortu dugu.

 

Maddalen Iriarte
Euskal Herria Bildu Taldeko bozeramailea Eusko Legebiltzarrean

Kategoria: IRITZIA Etiketak , , , , . Gorde lotura.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude