Printzipio kooperatiboak, enpresa berrikuntzaren elikagai

Enpresa-berrikuntzari hainbat ikuspegi desberdinetatik begiratu diezaiokegu:  merkatu berri batera iristea, ekoizpen-metodo berri bat martxan jartzea, produktu edo zerbitzu berri bat merkaturatzea… edo, zentzu zabalago batean, erakunde berri bat sortzea. Berrikuntza hitza erabiltzean, azken ideia hori hartuko dut ardatz, bai eta Euskal Autonomia Erkidegoan horren sustrai sakonak dituen kooperatiba-enpresen ereduarekiko kontzeptu horrek duen erabateko hurbilpena ere. Zerbait berriari buruz, zerbait desberdinari buruz hitz egitera garamatzan berrikuntza bat da, kapital-enpresentzako alternatiba bat: kooperatibak.

Kooperatiben aberastasun berritzaileak, besteak beste, hiru alderdi ditu, eta hirurak elkartzean, abantaila handia lortzen dute gizartean zein enpresa-munduan: batetik, giza aberastasuna, non pertsonak (eta ez kapitala) enpresaren egitura ekonomiko eta sozialaren ardatz nagusia diren; bigarrenik, aberastasun basilarra, aldaketaren erronkei aurre egiteko egokia, hezkuntza, prestakuntza eta informazioaren printzipio kooperatiboa oinarri eta akuilu duena, kooperatiba-enpresaren bihotza pilpiratzen eta oxigenatzen duena, haren garapen ekonomiko eta soziala bultzatuz; eta azkenik, aberastasun erlazionala, elkar-lankidetzaren edo kooperatiben arteko etengabeko lankidetzaren printzipioaren iturri berritzailetik edaten duena. Mondragon Esperientzia Kooperatiboa, gure herritik kanpo ere mundu osoan lan elkartuko kooperatibismoaren erreferente dena, funtsean, kooperatiben arteko elkar-lankidetza sakon eta etengabe baten emaitza da.

Egia esan, kooperatiben printzipioetan sakontzea berrikuntzarako tresna bereziki egokia da, eta horrenbestez, baita enpresa-lehiakortasuna lortzeko ere. Bereizgarri baino gehiago, kooperatiben printzipioak kooperatiba-enpresen funtsa eta mamia dira. Eta, horrekin batera, baita ukiezin baliotsu bat ere.

Goian aipatu ditudan prestakuntzaren eta kooperatiben arteko elkar-lankidetzaren printzipioen balio berritzailea nabarmena da, baina gainerako printzipioen balioa ere ez da apalagoa.

Hartara, kudeaketa demokratikoaren printzipioa (pertsona bat, boto bat) giza kapital osoa integratzen du enpresaren proiektuan, eta elkartasuna, erantzukidetasuna eta politikak zehazteko eta erabakiak hartzeko parte-hartze aktiboa sustatzeko balio du.  Eta parte-hartzea eta demokrazia oinarri dituen kudeaketa bat ezagutzaren gizartearekin bat datorren kudeaketa bat da, non kide guztiak eragile aktiboak izan behar duten informazioa igortzeko eta erabakiak hartzeko mekanismoetan.

Autonomiaren eta independentziaren printzipioak kooperatiben izaera libre eta subiranoa indartzen du, barne kohesioaren eta askatasunaren arteko sintesia da; eta komunitatearekiko interesaren printzipioari esker, haien komunitateen garapen iraunkorrera bideratzen da kooperatiben berrikuntza. Hau da, bere ingurunean sustraiak dituzten eta ingurune horren garapenarekin konprometituta dauden enpresak dira. Eta, horren ondorioz, komunitate horietan langabezia biderkatzen duten lekualdatze-prozesu industrialekin zerikusirik ez duten enpresak dira.

Kooperatibek bereizgarri bat daukate: elkartze librea eta berdinen arteko eztabaida.  Eta ikuspuntu horretatik begiratuta, erakunde moderno tipiko bat dira.

Zalantzarik gabe, kooperatiben enpresa-eredua enpresa berritzailearen paradigma izateko indar-gune sendoak ditu. Berrikuntzaren oinarri den sormena ez dago bereziki kapitalean ez eta makinetan ere. Pertsonengan dago, eta kooperatibak pertsonen enpresak dira, haien sormena proiektu komun baten zerbitzura jartzen dutenak.

 

Agustin Mendiola
ERKIDEko Zuzendaria
Euskadiko Lan, Irakaskuntza, Kontsumo eta Kreditu Kooperatiben Federazioa

Kategoria: IRITZIA Etiketak , , , . Gorde lotura.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude