KOOPERATIBEN NAZIOARTEKO EGUNA

91. KNE Kooperatibak, krisi garaietan ere sendo

NAKen Kooperatiben 91. Nazioarteko Eguna

Nazio Batuen Kooperatiben 19. Nazioarteko Eguna
2013ko uztailaren 6a

"Kooperatibak, krisi garaietan ere sendo"

Aurten 2013ko uztailaren 6an ospatuko den Kooperatiben Nazioarteko Egunaren leloa "Kooperatibak, krisi garaietan ere sendo" izango da. Leloak berebiziko garrantzia dauka gaur egun, areago mundu osoan bizi ditugun zailtasun ekonomikoen testuinguruan beste enpresa- eredu batzuen egoera zein den aintzat hartzen badugu.

Inbertsiogileen esku dauden enpresa-ereduek bideraezintasun-krisia bizi dute ekonomia, gizarte eta ingurumen-arloan. Kooperatibek, aldiz, krisi garaietan iraunarazteko daukaten gaitasuna erakutsi dute.

Epe luzeko bideragarritasuna bultzatu beharrean, epe motzeko irabaziei lehentasuna emateak sorrarazi dituen arriskuen erakusgarri argia izan zen finantza-krisia. Gaur egun bizi ditugun krisi orokorrek jatorri argia daukate: finantza-arloko irabaziak giza beharren aurretik jartzen dituen enpresa-eredua, irabazi horiek pribatizatu eta galerak denon artean banatzen dituen eredua. Jabetza-eredu plural batek, aldiz, finantza-egonkortasunari egin diezazkiokeen ekarpenen zerrenda benetan luzea da. Giza beharrak lehenesteari esker, kooperatibek gaur egungo bideragarritasun-krisiei aurre egiteko moduan dira, eta "partekaturiko balioaren" beste aurpegi bat eskaintzen digute. Eredu kapitalistaren arabera, duela hogei urtetik gora, finantza- arloko emaitzak dira enpresa onenen neurgailu nagusia. Kooperatiben eredua, baina, libre dago engainu horretatik. Iraunkortasunaren bilaketa kolektiboa besterik ez da kooperatiba bat, interesa duten hainbat alderen emaitzak "optimizatzen" saiatzen dena, aldeetako baten irabaziak handitu beharrean.

Hortaz, egoera latzenetan, kooperatibaren ongizatea lortzeko, lan-indar dena funtsezkoa da, eta ez zenbait gerenterena soilik.

Hainbat banku handiren jarduna eta horietako askoren itxiera izan da mundu osoko jendartea asaldatu duen beste gaietako bat. Ustez ohoragarriak eta inbertsiogileentzat eta euren gordailuentzat seguruak diren instituzio horiek sarritan ahulgunez josirik eta gaizki kudeatuta egon dira. Finantza-kooperatibek, aldiz, beste bide bati jarraitu diote.

Kreditu eta aurrezki-kooperatibek eta banku kooperatiboek ez diote hazteari utzi, eta kreditua banatzen jarraitu dute, batez ere enpresa txiki eta ertainen artean. Egonkortasunari eutsi diote herrialde askotan eta zuzeneko lanpostuak ere sortu dituzte. Erresistentzia horren gakoa argia da: jabetza euren kideen esku dago, hura kontrolatu eta etekinak banatu ahal izateko. Horrek, gainera, hainbat abantaila eskaintzen dizkie euren lehiakideen aldean. Finantza-kooperatibak munduko banku-merkatuaren parte handi bat badira ere, oso garrantzitsua da bere eredua bertatik bertara ondo ezagutzea.

Lanaren Nazioarteko Erakundeak (LANEk) argitaratu berri duen Johnston Birchall irakasleak idatzitako txostenak finantza-kooperatiben azterketa sakona egiten du, 1850ean Alemanian sortu zirenetik gaur egunera arte, mundu osoan hedatuta dauden une honetara arte.

LANEk egindako elkarrizketa batean, Birchallek argi adierazten du, ekonomialariek egindako aurreikuspenen arabera, finantza-kooperatibek inbertsiogileen jabetzapekoak ziren bankuek baino eraginkortasun txikiagoa izango zutela, euren gerenteei ez baitzieten akziorik ematen ordainetan. Hala ere, krisiak agerian utzi du, finantza-kooperatibek banku-sozietate anonimoek baino arrisku txikiagoa zutela, hain zuzen ere, euren zuzendariek ez zutelako etekinen zati bat jasotzen.

"Egonkortasuna eta arriskuarekiko herra finantza-kooperatiben DNAn idatzita dago. Enpresak direnez, soberakinak sortzen dituzte, eta hala izan behar du. Baina soberakin horiek gordetzeak finantza-arloan indartu egiten ditu, eta arautzaileek ezartzen dituzten kapital propioaren inguruko eskakizunek sorrarazi ditzaketen arazoak konpontzeko erabiltzen dituzte."

"Munduko hainbat lekutan, aurrezki-kooperatibek ez zuten beherakadarik bizi izan 2008an. Ez dute banku-krisirik pairatu; pixkanaka hazten jarraitu dute, erregulartasunez eta tragediarik gabe."

Kooperatiben ikuspegi soziala da krisi garaietan aintzat hartu behar den beste abantailetako bat. Ekonomiaren porrot orokorra gertatzen denean, eta gobernuek berme sozialak murrizteko presio garrantzitsuak jasotzen dituztenean, kooperatibek paregabeko bizitasuna erakusten dute. Kapital soziala elikatzea helburu duten ekarpenak egiten dituzte, akziodunen jabetzapekoak diren enpresek ez bezala. Horrez gain, pribatizatzeko arriskuan dauden, Estatuak kontrolatzen dituen edo aurrekontuen murrizketen ondorioz baztertuta dauden osasun-arloko zerbitzuak eskaintzeko orduan, paper garrantzitsua daukate kooperatibek.

Eta ezin ahaztu daitezke, halaber, kontsumoko kooperatiben abantailak: Kontsumitzaileei elikagaiak eta funtsezko beste produktu batzuk prezio hobean helarazteko gai dira, kontsumitzaile horien poltsikoak geroz eta hustuago daudenean.

2013ko uztailaren 6ak, Kooperatiben Nazioarteko Egunak, oparotasun gehiago ala gutxiagoko garaietan kooperatibek egin duten lanaren gainean hausnartzeko aukera ematen digu, bai eta balioetan oinarrituriko enpresa eredu honi mundu osoan zabalpen eta bultzada handiagoa ematearen aldeko konpromisoa berresteko aukera ere, eredu egokia izan baita, eta aurrerantzean ere hala izango baita.

201eko abuzturaren 4

  • FACEBOOK
  • TWITTER
  • YOU TUBE
  • FLICKR
    • lng_AIC_2012
2017. a
2017.b

2012 AIC