KOOPERATIBEN NAZIOARTEKO EGUNA

88. KNE Kooperatibak, emakumeak ahalduntzearen alde

Nazioarteko Kooperatiba Aliantzaren mezua
NAKeko Kooperatiben 88. Nazioarteko eguna
Nazio Batuetako Kooperatiben 16. Nazioarteko eguna
2010eko uztailaren 3a

"Kooperatibak, emakumeak ahalduntzearen alde"

Mundu osoan, emakumeak kooperatiben eredua hautatzen ari dira euren behar ekonomiko eta sozialei aurre egiteko. Emakumeak ohartzen ari dira kooperatibak aukera erakargarria direla, bai euren enpresa-arloko helburuak lortzeko, bai behar edo nahi dituzten produktu eta zerbitzuak eskuratzeko, bai balio eta printzipio etikoetan oinarrituta dauden eta diru- sarrerak lortzeko aukerak ematen dituzten enpresetan parte hartzeko.

Kooperatibak jabegoa elkarren artean partekatzeko enpresak dira, eta autoauto- laguntza, auto-erantzukizuna, demokrazia, berdintasuna, zuzentasuna eta elkartasunaren baloreetan oinarrituriko kudeaketa demokratikoa daukate. Pertsonak kooperatiben jardueren erdigunean daude, eta erabakiak hartzeko bide demokratikoei esker, kide guztiek euren helburu ekonomiko, sozial eta kulturalak lortzeko bidea aukeratu dezakete.

Emakumeen kasuan, kooperatibek berebiziko garrantzia daukate, euren behar praktiko eta estrategikoak asetzeko gai baitira. Emakumeek soilik osatutako kooperatibetan zein emakume eta gizonek osatutakoetan, emakumezko kideei eta langileei euren bizi-maila hobetzeko antolaketa eredu eraginkorrak eskaintzen zaizkie. Izan ere, lan duinak egiteko, aurrezteko eta kreditua eskuratzeko, osasunerako, etxebizitza eta gizarte zerbitzuak lortzeko, zein hezkuntza eta prestakuntza jasotzeko aukera ematen baitzaie. Kooperatibek jarduera ekonomikoetan parte- hartzeko eta jarduera horietan eragiteko aukerak ematen dizkiete emakumeei. Parte-hartze horri esker, emakumeek autonomia eta autoestimua lortzen dute. Horrez gain, emakumeen egoera ekonomiko, sozial eta kulturala hobetzeko laguntza ematen dute beste zenbait bide baliatuta, berdintasuna sustatu eta aurreiritzi instituzionalak aldatzeko lan egiten baitute.

Emakume enpresarientzat kooperatibak enpresa eredu oso erakargarria dira. Kapitala metatzeko aukerari esker, diru-sarrerak sortuko dituzten jardueretan esku hartu dezakete eta euren lana modu malguan antolatzeko aukera daukate, gizartean egin ditzaketen lan guztiak errespetatuko dituen moduan hain zuzen ere. Burkina Faso, India, Japonia, Honduras zein Estatu Batuetakoak izan, emakumeek antzeko kooperatiba-esperientziak dituzte. Emakumeek soilik osatzen dituzten kooperatibei esker, euren buruarenganako konfiantza handitu dute, ardura profesionalak edukitzeko aukera izan dute, euren konpetentziak balioetsi dituzte eta bizitzeko bitartekoak hobetu dituzte, lanak diru-sarrerak bermatu baitizkie eta hainbat zerbitzu eskuratu ahal izan dituztelako horrela.

Nolanahi ere, emakumeek onura handiak aurkitzen ari dira emakume eta gizonekin osatutako kooperatibetan ere. Kide zein langile izan, elkarrekiko errespetua eta aukera-berdintasuna sustatzen ahalegintzen diren enpresak aurkitzen ari dira. Dena dela, askoz gehiago behar da genero- berdintasuna eskuratzeko. Kooperatibak euren kideen eta euren inguruko gizartearen isla dira. Hortaz, gizarte horretan gailentzen diren aurreiritzi sozial eta kulturalen isla ere badira. Hala eta guztiz ere, antolatzeko kulturan, lan-metodoetan, eta hezkuntza eta prestakuntzarako aukeretan aldaketak egiteko erronkari eusten diote, emakumeen ahalduntzea gauzatu dadin. Emakumeen ahalduntzeak bost osagai ditu: emakumeen auto-estimu sentimendua; aukerak izateko eta hautatzeko eskubidea; aukerak eta baliabideak eskuratu ahal izateko eskubidea; euren bizitzak kontrolatzeko eskubidea, hala etxe barruan nola kanpoan; eta euren nazioetan zein nazioartean ordena sozial eta ekonomiko justuagoa sortzeko gizartean ematen den aldaketaren norabidean eragiteko gaitasuna.

Kooperatiben ereduak osagai horiek guztiak jorratzen ditu, eta emakumeen ahalduntzea bultzatzeko benetako aukerak sortzen ari da mundu osoan.

Enpresari arrakastatsua eta Indiako kooperatiba bateko kide den Kumari andreak bere kooperatiba- esperientzia azaldu zuenean ondo baino hobeto laburbildu zuen. Horrelaxe esan zuen: "Eskerrak eman nahi dizkiot Emakumeen Kooperatiba-bankuari emakume ahaldun egin nauelako eta nire ametsak egi bihurtzeko aukera eman didalako".

Kooperatiben Nazioarteko Egun honetan, NAKek kooperatibetako kide guztiei dei egiten die, ekonomiaren, gizartearen eta kulturaren garapenari emakumeek egindako funtsezko ekarpena aintzat hartu dezaten eta kooperatibekiko konpromisoa indartu dezaten, euren kooperatibetan emakumeen ahalduntzea gauzatu ahal izateko eta Kooperatiben Mugimenduan emakumeen parte- hartzea sustatzeko.
 

NAK gobernuz kanpoko elkarte independentea da eta munduko kooperatiben zerbitzura dago. 1895ean eta 87 herrialdetako eta ekonomia-sektore guztietako 218 erakunde biltzen ditu Kooperatiba horie mundu osoko 800 milioi pertsonek osatzen dituzte.

201eko abuzturaren 6

  • FACEBOOK
  • TWITTER
  • YOU TUBE
  • FLICKR
    • lng_AIC_2012
PORTADA
DESTACADO 3

2012 AIC