KOOPERATIBEN NAZIOARTEKO EGUNA

93. KNE Aukeratu kooperatiboa, aukeratu zuzentasuna

Nazioarteko Aliantzaren Kooperatibismoaren 93. Nazioateko Eguna
Nazio Batuen Kooperatibismoaren 21. Nazioarteko Eguna
2015eko uztailaren 4a

"Aukeratu kooperatiboa, aukeratu zuzentasuna"

KNE 2015

 

Berdintasuna funtsezko balio bat da, eta hari esker, mundu guztiak bereganatu ditzake garapen ekonomiko eta sozialaren onurak. Gure munduan desberdintasuna da jaun eta jabe: argitaratu berri diren datuen arabera, munduko herritarren %0,7 aberastasun guztiaren %44ren jabe da; eta %70, berriz, %3ren jabe besterik ez. Oraindik, munduko txoko guztietan, besteak beste, sexu, adin, erlijio edo baldintza sozioekonomikoengatik bereizkeria jasaten duten pertsonak daude.

Hasiera-hasieratik, ekitatea izan da kooperatiben mugimenduaren ardatzetako bat. Kooperatiben sorrerari esker, mundu osoko pertsonek berdintasuna sustatzen duen negozio-eredu demokratiko baten alde egin ahal izan dute.

1846an, Eliza Brierley The Rochdale Equitable Pioneers Society-ko (Rochdaleko Aitzindarien Bidezko Sozietateko) lehenengo emakumezko kidea izan zen, emakumeek jabetzarik izaten ez zuten garai batean. Hala ere, 1884ko sozietatearen estatutuen arabera, ez zegoen inolako desberdintasunik emakume eta gizonezko kideen artean. Geroago mundu osoko kooperatibek bere egin zituzten arauen abiapuntua izan zen hori.

Gaur egun, 2,6 milioi kooperatiba baino gehiago daude, mila milioi kidetik gora dituztenak, hau da, inbertsiogileen jabetzako enpresen zuzeneko akziodunak halako hiru. Gainera, 250 milioi pertsona kooperatiba horietako langile dira edo haiei esker lortzen dute bizigaia. 300 kooperatiba handienek urteko 2,2 bilioi dolarreko irabaziak izan dituzte (munduko zazpigarren ekonomiarik handienaren BPGd-aren pare), eta mugimendua hazkunde bizia izaten ari da, batez ere goraka datozen herrialdeetan: Brasilen, Indian, Txinan…

Kooperatiba batean berdintasun hitzak hiru esanahi ditu:

  1. Kide izatea ekintza libre eta borondatezkoa da (inolako diskriminaziorik gabekoa), eta kide bakoitzak boto bat dauka. Horri esker, kooperatibaren egitura eta kontrola zuzenak eta bidezkoak izango dira. Inbertsiogileen esku dauden enpresetan ez bezala, berdintasuna kide guztientzako mesedegarri da, eta berdintasun hori ez dago pertsona bakoitzaren finantza-ahalmenaren mende.  
  1. Kooperatiba batek bere kideen beharrei eta nahiei erantzuteko eta gizarte osoaren garapen iraunkorra sustatzeko lan egiten du. Kooperatibek jendea pobreziatik ateratzeko egiten duten lana ukaezina da. Izan ere, kooperatibek sortzen duten aberastasunaren banaketa bidezkoagoa eta zuzenagoa da.

Adibide bat jartzearren, Senegaleko proiektu kooperatibo batek 60 landa-komunitatetako milioi bat pertsonaren elikadura-arloko segurtasuna hobetu du, familien diru-sarrerak %250 handituz eta normala baino pisu txikiagoa zeukaten haurren kasuak %35 murriztuz.  

  1. Bere jarduna garatzen duten bitartean, haien behar eta nahiak asetzeko, gizartean hobeto txertatzeko eta beste modu batera lortuko ez lituzketen ondasun, zerbitzu eta onurak eskuratzeko aukera eskaintzen diete kooperatibek pertsona guztiei (ekoizleei, langileei, kontsumitzaileei).  Gainera, berdintasunaren kultura honi esker, kooperatibek haren zerbitzu-hartzaileen aniztasuna islatzeko aukera daukate.  

Genero-berdintasuna sustatuz; gazteei aukerak emanez; gutxiengoak lan-merkatuan txertatuz; ekonomia informaletik ekonomia formalerako bideak eraikiz; soldaten arteko aldeak murriztuz; pobreei botere ekonomiko handiagoa emanez; oinarrizko baliabideak (ura, energia, hezkuntza, finantza-zerbitzuak eta beste asko) eskuratzeko aukera-berdintasuna sustatuz kooperatibek egunero erakusten dute gaur egungo paradigma iraultzeko eta berdintasuna garapen ekonomiko eta sozialaren prozesuan txertatzeko bideak daudela.

Ekonomiaren sektore guztietan berdintasunari buruzko istorio arrakastatsuak daude: aurrezkiaren errentagarritasun handiago bati esker, finantza-etekinak zuzenean haien kideekin partekatzen dituzten kreditu-kooperatibak; interes-tasa eta prezio baxuagoko kredituak; herritar baztertuenentzat osasun-eredu eskuragarriagoak eskaintzen dituzten osasun-kooperatibak; landa-eremuetan, beste enpresa batzuek enpresa-jarduerarik garatuko eta zerbitzurik eskainiko ez luketen tokietan, zerbitzua eskaintzen duten elektrizitate-kooperatibak, energia eskuratzeko oinarrizko bidea eskainiz; kalitate altuko elikagai iraunkorrak, hala nola produktu organikoak eta bidezko merkataritzako produktuak, eskuratzeko aukera ematen duten xehekako kontsumo-kooperatibak; baldintza okerragoetan bizi diren herriei haien jarduna segurtasunez garatzeko eta oinarrizko arriskuen aurrean babesteko laguntza ematen dieten kooperatiba eta mutuak. Erronka globalek, hala nola klima-aldaketak edo elikagaien segurtasunak, desberdintasunak areagotuko dituzte, egoera larrietan daudenei gero eta gehiago eragingo dietelako. Testuinguru horretan, munduak berdintasun handiagoa behar du, eta ez urriagoa. Kooperatibak sustapen eta garapenaren bidez munduko ekonomia dibertsifikatuz gero, pertsonak, gobernuak eta gizarteak aldaketa horren eragile izan daitezke.

Berdintasun printzipioan oinarrituta eratutako enpresak garen heinean, desberdintasunak zuzentzeko ekintza nazionalak eta berrikuntza sustatzeko eskaera helarazi nahi diegu gobernuei; Nazio Batuei eta nazioarteko komunitateari, bestalde, berdintasuna bere gaur egungo lanaren ardatza izan dadila eskatu nahi diegu, 2015etik aurrerako Garapen Agendan klima-aldaketaren erronkei eta arriskuei aurre egiteko akordioa jasotzeko aukera egon dadin, eta agenda horrek kooperatiba-enpresen papera eta ekarpena aitortu dezan. 

Azkenik, Nazioarteko Kooperatiba Aliantzak kooperatiben mugimenduari dei egiten dio kooperatibek berdintasuna sustatzeko erabiltzen dituzten bide guztiak ezagutarazi eta bultzatzeko baliatu dezaten aukera hau.

2015 NAK mezua.pdf

2016ko apirilaren 7

  • FACEBOOK
  • TWITTER
  • YOU TUBE
  • FLICKR
    • lng_AIC_2012
PORTADA
DESTACADO 3

2012 AIC