KOOPERATIBEN NAZIOARTEKO EGUNA

95. KNE Kooperatibei esker, inor ez da atzean geratzen

Nazioarteko Kooperatiba Aliantzako Kooperatiben 95. Nazioarteko Eguna
Nazio Batuetako Kooperatiben 23. Nazioarteko Eguna
2017ko uztailaren 1a


“Kooperatibei esker, inor ez da atzean geratzen"

 

Kooperatiben mugimenduak erakusten du demokrazia eta gardentasuna oinarri duen bere enpresa-ereduak aukerak sortzen dituela, etorkizun iraunkor baten aldeko bidean, atzean geratzeko arrisku handiena bizi duten horientzat: eskala txikiko nekazariak, gazteak, pertsona nagusi zahartuak, emakumeak, ahuldadeak dituzten pertsonak eta landa-eremuko pobreak.

DIC 2017 - english.pngMundu osoan errenten arteko desberdintasuna hazi eta hazi ari den honetan, komeni da gogora ekartzea horretarako konponbideak badaudela. Eta horien guztien artean, kooperatiba-eredua nabarmendu behar da. Nazioartean adostutako definizioa eta bere printzipio eta balioen multzoa dira haren bereizgarri nagusiak, ekiteko beste erakunde mota batzuen aldean. Printzipio horien arabera, kide izateko baldintzak onartzen dituen edozein izan daiteke kooperatibako bazkide, inolako diskriminaziorik gabe.

Parte-hartze ireki horri esker, mundu guztiak irekita dauka aberastasunaren sorrerara eta pobreziaren desagerpenera daraman atea. Kideen parte-hartze ekonomikoaren printzipio kooperatiboak honako ondorio hau dauka: “Kideek berdintasunean egiten dituzte ekarpenak eta demokratikoki kontrolatzen dute kooperatibaren kapitala”. Kooperatibek, kapitala beharrean, pertsonak dituztenez oinarri, ez dute kapital metatzea ez betikotzen ez azkartzen, eta aberastasunaren banaketa bidezkoagoa ahalbidetzen dute.

Kooperatibek eskaintzen duten parte-hartze irekia sektore komertzial guztietara heltzen da (aurrezki eta kreditu-enpresak, nekazaritza eta arrantza, ondasunak eta zerbitzuak, osasun-arreta, etxebizitza, aseguruak, artisau eta industria-zerbitzuen eskaintza), kapitalean oinarritutako merkatuak pertsonen beharrak asetzeko gai ez den lekuetara, non pertsona horiek haien kabuz antolatzeko hautua egiten duten.

Kooperatibaren beraren diskriminazio ezaren egituratik harago, kooperatibek kanpoan ere berdintasuna sustatzen dute, haien zazpigarren printzipioaren bidez: “Komunitatearekiko ardura".  Haien oinarria komunitateak direnez, komunitate horien garapen iraunkorrarekin konprometituta daude, ingurumen, gizarte zein ekonomia arloan. Horren guztiaren erakusgarri da kooperatibek mundu osoan komunitateei ematen dieten sostengua, tokiko ekonomia bultzatzeko tokiko ekoizleen erabilera eta komunitateen gaineko eraginak kontuan hartzen dituzten erabaki-hartzeak.

Komunitateekin duten loturaz gain, kooperatiben nahia da bere eredu ekonomiko eta sozialaren onurak mundu osoko biztanleengana helaraztea. Globalizazioa kooperatiben mugimenduaren antzeko balioen bidez egin behar da; bestela, desberdintasun handiagoa eta gehiegikeria gehiago sortuko ditu, jasanezin bihurtuko dutenak, dagoeneko ikusi dugun moduan.

Kooperatibek emaitzak lortzen dituzte, ez ongintzazko erakundeen bidetik, baizik eta autolaguntzarako erakunde ekintzaile moduan. Horri esker, tamaina handitu ahal izan dute, komunitatea oinarri duten egitura federatuen bitartez, haien kideen beharrizanak asetzeko zerbitzu ugari eskaintzen dituzten bitartean. Munduko Kooperazioaren Behatokiaren arabera, 300 kooperatiba handienak soilik urteko etekinen 2,5 milioi USD baino gehiagoren erantzule dira. 250 milioi lagunek baino gehiagok antolatzen dute haien bizimodua kooperatiben bidez. Horren ondorioz, eragin handiko aberastasunaren sorrera eta banaketa ematen da. Kooperatiben eskalagarritasunari buruzko galderari aspaldi eman zitzaion baiezko erantzun biribila.

http://forokoop.coop/internacional/imagenes/2013.png

Eragin horren ondorioz, hain zuzen ere, UNESCOk (Hezkuntza, Zientzia eta Kulturarako Nazio Batuen Erakundeak) gizateriaren ondare kultural ukiezinen zerrendara gehitu berri ditu kooperatibak. UNESCOk 2003an sortu zuen zerrenda hori, giza esperientzia, leku eta monumentu ukigarriez gain, jardun eta tradizioek ere osatzen dutela aitortzeko. Estatu Kide batek egin behar du izendapena, eta Alemaniak aurkeztu zuen kooperatibak zerrendan sartzeko kasua, kooperatibek "globalizazio-prozesuen garapen bidezkoago baten alde borroka egiten dutelako".

Garrantzitsua da aipatzea errenten arteko desberdintasuna ez dela munduan dagoen arazo bakarra.  Ildo horretatik, emakumeei zehazki eta gutxiengoan dauden taldeei oro har bizi-baldintzak hobetzea helburu duten funtsezko jarduerak egiteko aukera ukatu egiten zaie maiz. Kooperatiben printzipioetan zehazten den diskriminazio eza dimentsio anitzekoa da: generoaren ingurukoa, soziala, arrazari lotua, politikoa eta erlijiosoa; eta horri esker, ez da inor atzean uzten.

Kooperatiben Nazioarteko Egun honetan, Nazioarteko Kooperatiba Aliantzak mundu osoko kooperatibei dei egin nahi die desberdintasun gero eta handiagoak sortutako miseriaren gainean hausnartu dezaten, haien komunitate guztietan berdintasuna bermatzeko konpromisoa berrartu dezaten eta mundua leku hobe bat izan dadin kooperatibek egiten duten ekarpena ospatu dezaten.  "Coops for 2030” plataformak (“Kooperatibak 2030erako”, www.coopsfor2030.com) garapen iraunkorraren helburuak ezartzeko konpromisoa hartzeko aukera eskaintzen die kooperatibei, eta Nazioarteko Kooperatiba Aliantzak horretara animatu nahi ditu kooperatiba guztiak.

2017 NAK mezua.pdf                   #coopsday

2017ko ekainaren 28

  • FACEBOOK
  • TWITTER
  • YOU TUBE
  • FLICKR
    • lng_AIC_2012
PORTADA
DESTACADO 3

2012 AIC