Mundukideko XV. Urteurreneko argazki erakusketa

Mundukideko XV. Urteurreneko ospakizun ekitaldien harira zure kooperatiban ikusgai jarri nahi dugun ARGAZKI ERAKUSKETAren berri eman nahi dizugu.

Kooperatibak dira Mundukideren sortzaile, sostengua eta izateko arrazoia, eta gure arteko harremanetan pauso bat gehiago emateko asmoz erakusketa bat antolatu dugu. Helburua, kooperatibetako bazkideei Mundukide gertuagotik ezagutzeko aukera ematea da, filosofia eta ekintzen inguruko informazio zabala eskainiaz. Erakusketarekin batera Mundukideren bazkide kopurua handitzeko kanpaina bat ere abiarazi dugu: “Batu Taupadara!”

Gure proposamena, aste betez, erakusketa zuen kooperatiban ikusgai jartzea litzateke. Iruditzen zaigu ekintza polita eta arrakastatsua izango dela baina horretarako beharrezkoa dugu zuen laguntza jarraian aipatzen diren arloak kudeatzeko:

• LOKALA: bazkideen joan etorria bermatzen duen 50m2-ko lokala. Adibidez, sarrera edo jantokiaren sarrera.
• ARDURADUN BAT: Kooperatiba barruko pertsona bat behar da, erakusketatik egunero pasako dena guztia ondo dagoela ziurtatzeko. Eta panelen bat apurtu bada edo triptikoak falta badira Mundukidera deituko duena.
• BARNE KOMUNIKABIDEETAN ZABALTZEA: Zuen kooperatibaren eta Mundukideren arteko elkarlanaren eta erakusketaren berri emango duen informazioa bazkide guztiei helaraztea.
• TRIPTIKOA: Kooperatibako bazkideei erakusketarekin bat doan triptikoa bidaltzea. Triptikoak Mundukideko berri emateaz gain bazkide egiteko aukera ematen du.
• INAUGURAZIO ARGAZKI BAT: Erakusketako asteko ostiral goizean zuen kooperatibako bazkideen babesa erakutsiko duen argazki bat ateratzea. (Ordua zuek zehazteko).

Honen inguruan edozein zalantza edo argibide behar izanez gero, jarri harremanetan Urri Urizarrekin, 943772010 edo 688681140 telefonoan.

Erakusketa jarriko den egunetan berriz, Mundukideko Ane Txapartegi lankidea egongo da zuen kooperatiban, zuekin adostutako egun eta orduetan, erakusketaren inguruko informazio zabala eskaintzeko eta kanpaina dinamizatzeko helburuarekin.

Bizi dugun garai honetan, komenigarri ikusten dugu ELKARTASUN UNIBERTSALA, LANA eta ERALDAKETA SOZIALA bezalako baloreak gogora ekartzea. Mundukidek, Mozambike, Brasil eta Kuba bezalako herrialdeetan egiten du lan, Arrasateko Kooperatiba Esperientzian sorreratik guregan dauden printzipioak oinarri hartuta. Zure laguntza eskatzen dizugu lan hori hemen zabaltzeko.

“Batu taupadara!”

Kategoria: BERRIAK Etiketak , , , . Gorde lotura.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude