Nazioarteko Kooperatiben Eguna, 2017 uztailak 1

Nazioarteko Kooperatiben Eguna, 2017 uztailak 1

(ICA mezua atal espezifikoan)

Kooperatiben Nazioarteko Eguna 1923tik ospatzen du urtero Nazioarteko Kooperatiben Elkarteak (ICA) eta 1995az geroztik Nazio Batuen Erakundeak (NBE), uztailaren lehenengo larunbatean. Egun honen helburua kooperatiben garrantziaz ohartaraztea da, baita enpresa hauen eta Gobernuen arteko elkarlana sustatzea ere. Aurtengo ekitaldiaren leloak “kooperatibek ez dutela inor atzean uzten” azpimarratu nahi du eta gizarte integrazioan daukaten papera nabarmenduko da.

María Jesús San José Lan eta Justizia Sailburuak kooperatibek Euskadin sortarazten duten enplegua areagotzeko Eusko Jaurlaritzak daukan konpromisoa berretsi egin du gaur. San Josék kooperatiben izaera “positiboa” eta euren bereizgarritasun “kualitatiboa” nabarmendu egin ditu eta arlo honetan “nazioarteko eredua” dela gogoratu egin du. “Kooperatibismoa sektore estrategikoa da eta bultzada eman nahi diogu”, agindu du Sailburuak.

María Jesús San Josék Jaurlaritzak Gizarte Ekonomian duen konfidantzari buruz hitz egin du Kooperatiben Nazioarteko Egunaren bezperan. Uztailaren 1an, larunbata, ospatzen da egun hau. Prentsaurrekoan Iñigo Ucínek (Mondragon Korporazioko Presidentea) eta Rosa Lavínek (Konfekoop, Euskadiko Kooperatiben Konfederazioko Presidentea) parte hartu dute ere bai. Agerraldia Donostian burutu da Gipuzkoa delako, sailburuaren hitzetan, “kooperatibismoaren jaioterria eta gotorlekua” Espainian eta Europan.

Datuek kooperatibek Euskadin daukaten garrantzia agerian uzten dute. 56.380 langile dute kooperatibek eta euskal ehun ekonomikoaren %6,5a. Sektore honek “indarra” mantendu du Euskadin krisialdi testuinguruan eta horren harira, San José Sailburuak gogoratu egin du kooperatibetan krisi urteetan suntsitu egin den enplegu bolumena askoz txikiagoa izan dela, sei puntu gutxiago hain zuzen ere, bestelako enpresekin alderatuz, Gizarte Segurantzako afiliazio estatistikek adiera ematen dutenez.

Agerraldian, San José Sailburuak kooperatiben baloreak nabarmendu egin ditu, “pertsona eta gizarte helburuak” lehenesten dituztela kapitalaren gainetik, adierazi du. Enpresa hauek gobernu “demokratikoa” dutela gaineratu du, baita lurraldearekiko “lotura sendoa” ere, beti ere “pertsonen beharrizanak bermatzeko”. Sailburuak, era berean, kooperatiben baloreen artean “elkartasuna eta erantzunkizuna” ere azpimarratu ditu eta “euren autonomia eta independentzia” erakundeekiko. San Joséren arabera, kooperatibek “aberastasunaren birbanaketa” ahalbidetzen dute eta duina den kalitatezko enplegua sustatzen dute. “Kooperatibak Euskadiko ikurra dira eta nazioarteko erreferente bat, gure herrialdearen enbaxadoreak munduan”, errepikatu du sailburuak.

Lan eta Justizia Sailburuak gogoratu egin du Eusko Jaurlaritzak 2018ko bigarren lauhilekoan Kooperatiben Legearen proiektua bidaliko duela Eusko Legebiltzarrera. Legearen helburua enpresa hauei “segurtasun juridikoa” ematea da. Euren barne antolaketa erregimena erraztuko du legeak, agindu du San Josék. Sailburuak gogoratu egin du Jaurlaritzak sektorearekin partekatuko duela proiektua kontsentsuaren bila.

Eusko Jaurlaritzaren konpromisoa gizarte ekonomiarekin 2017ko aurrekontuetan islatu da. Gizarte Ekonomia Zuzendaritzak sektorearentzat estrategikoak diren sei laguntza-lerro kudeatzen ditu eta aurten 3.687.719 euroko aurrekontua dauka. Haien artean, enpresak sortu eta sustatzeko eta lurralde promoziorako programek 572.000 euro gehiago baliatuko dituzte (guztira 1.941.052 euro 2017an).

Azkenik, María Jesús San Josék kooperatibek “kalitatezko enpleguak sor ditzaten” eskatu egin du, “gizarte desberdintasunaren igoera murrizteko” helburuarekin. Lan eta Justizia Sailarentzat bi aspektu hauek lehentasunezkoak dira eta, Sailburuaren arabera, kooperatibak arlo honetan eredugarriak dira.

 

Bere aldetik, Mondragon Taldeko Presidenteak, Iñigo Ucínek, kooperatibek “dauden lurraldeen ekonomia garapenean daukaten protagonismoa” azpimarratu egin du. Azaldu duenez, agerikoa da kooperatiben inguruan gizarte homogeneoagoak eratzen direla errentaren banaketari dagokionez. “Berdintasuna” lortzeko garrantzitsuak dira honelako enpresak, XXI. Mendeko gizartearen erronka nagusietako bat. Ucínek, era berean, kooperatiben izaera “demokratikoa” azpimarratu du, “pertsonen inguruan” eraikitako enpresak bait dira. Langileek modu “erreal” batean parte hartzen dute enpresaren jabegoan, kudeaketan eta emaitzetan, gaineratu du. “Apaltasunez baina ozen, kooperatibak gizarte garapenerako agente aktiboak direla aldarrikatu behar dugu”, gaineratu du.

Iñigo Ucínek kooperatiben baloreak eguneratzea eskatu du, haien artean, parte hartzea, gizarte erantzunkizuna, kooperazioa edota berrikuntza. Dena den, “autoexigentzia eta erantzukizuna” protagonistak izaten jarraitu behar dute “kooperatiben esperientzia indartzeko”. Gainera, Mondragon Taldeko Presidenteak “interkooperazioa” bultzatzearen beharra aldarrikatu du, ez bakarrik kooperatiben artean, baizik eta beste enpresa eta agenteekin ere. “Globala den testuinguru batean, elkarrekin lan egitea geroz eta garrantzitsuagoa da”, adierazi du. “Merkatua handitu egin da eta sortzen ari diren aukera berriak baliatzeko enpresen arteko interkooperazioa sustatu beharko dugu”, azpimarratu egin du Ucínek.

Euskal Talde kooperatiboaren Presidenteak, azkenik, taldeak enpleguarekin eta integrazioarekin daukan konpromisoa berretsi egin du, nahiz eta “eraginkortasuna, produktibitatea eta mundu mailan lehiakorrak izatea” helburu nagusiak izan behar diren. Izan ere, nabarmendu egin du “bakarrik lehiakortasuna bermatuz” denboran zehar “iraunkorrak” izango diren negozioak lortu ahal direla. “Lehiakortasuna bermatzea gure etorkizuna ziurtatzeko modurik onena da”, adierazi du Ucínek.

 

Honen harira, Konfekoopeko Presidentea den Rosa Lavínek kooperatiben “baloreek” krisialdiak eragin dituen “hainbat ondorio moteldu” egin dutela adierazi du, haien artean soldatetan geroz eta handiagoak diren desberdintasunak. “Kooperatibek daukaten erantzukizuna eta ardura enpresa alorra gainditzen du eta gizartean zuzen-zuzenean eragiten du. Hori dela eta, gizarte integrazioa kooperatiben balore eta printzipioen erakusgarri da”, adierazi du Lavínek. Konfekoopeko Presidenteak gogoratu egin du gizarte ekimeneko kooperatibak geroz eta garrantzitsuak direla eta integrazioa bermatzen dutela. “Egun, aurrera doan errealitate bat dira”, esan du.

Kooperatiben Nazioarteko Egunean, Konfekoopek sektoreak 2016an utzi zituen datuen irakurketa “oso positiboa” egin du. Konfekoop Euskadiko enpresa elkarteen garrantzitsuenen artean aurkitzen da, 1.110 kooperatiba ordezkatzen dituelarik, 2015an baino %5 gehiago. Nazioarteratzen diren salmentak %65 dira eta kooperatibek euskal BPG-ren %6a suposatzen dute. Berdintasunari dagokionez, enpresa hauetan lanpostuen %52a emakumezkoentzat dira eta %48a gizonezkoentzat.

2017ra begira, Konfekoopen helburua “kooperatiben eredua hedatzen eta ezagutarazten jarraitzea” da. “Kooperatiba gehiago sortzen badira, kalitatezko enplegu iraunkorrak sortuko dira” eta enplegua, ekonomia, hezkintza eta Euskadiko gizarteari lotutako “kontsulta eta erabakitze ahalmen alorretan presentzia areagotzea”, Lan eta Justizia Sailburuak adierazitako ildoan.

Konfekoop, Euskadiko Kooperatiben Konfederazioa, Euskadiko sektore kooperatibo guztietako (Lana, Irakaskuntza, Nekazaritza-elikagaiak, Kontsumoa, Garraiolariak eta Kreditua) kooperatiben federazioen elkargunea da. Federazio horietan Euskadiko Kooperatiba guztietako bazkideen, eragiketa-bolumenaren eta enpleguaren %90 eta %95 artean biltzen da.

Hona hemen 2016eko abenduaren 31n bildutako daturik esanguratsuenak:

  • Federatutako kooperatibak 1.110 dira
    • Kooperatiba motaren arabera:
      • Lan Elkarteak…………………….. 949
      • Irakaskuntza……………………….. 82
      • Nekazaritza………………………… 64
      • Kontsumoa………………………….. 8
      • Garraiolariak………………………… 6
      • Kreditua………………………………. 1
      • Etxebizitza……………………………..
      • Beste batzuk…………………………..
    • Probintziaren arabera:
      • Araba………………………………. 171
      • Bizkaia……………………………… 479
      • Gipuzkoa………………………….. 460
    • Ekoizpen-sektorearen arabera:
      • Lehen sektorea edo zuzeneko produktua 17
      • Bigarren sektorea edo eraldaketa ……… 448
      • Hirugarren sektorea edo zerbitzuak …… 645
    • Bazkideak guztira………………………………….. 1.173.837
      • Nekazariak……………………………… 9.955
      • Lan Elkarteetakoak ………………… 33.812
      • Kontsumokoak………………….. 1.070.413
      • Kreditukoak………………………….. 10.484
      • Gurasoak……………………………… 49.173
    • Langileak guztira……………………………………….. 53.496
      • Lan-bazkideak……………………….. 33.812
      • Bazkide ez diren langileak………… 19.684
      • Gizonak………………………………… 25.571
      • Emakumeak………………………….. 27.925
    • Fakturazioa…………………………………………….. 9.182₁ €
    • Nazioartekotzea……………………………………… 4.628₁ €
* Haien sektoreko Federazioen barruan dauden kooperatiben datuak besterik ez dira jaso
* EAEko kooperatiben datuak dira

 

Kategoria: BERRIAK, Datuak Etiketak , , . Gorde lotura.