Euskal alderdi politikoak eta Kooperatibak

Eusko Legebiltzarreko indar politiko guztiek Euskal Kooperatiben Mugimenduarentzako paper kuantitatibo eta kualitatibo garrantzitsuago bat eskatu dute gaur kooperatibek Bilbon egin duten Forokoop urteko eztabaida-foroan.

EAJ-PNV (Aitor Urresti), Euskal Herria Bildu (Leire Pinedo), Elkarrekin – Ahal Dugu (Jose Ramón Becerra), PSE (Sonia Pérez) eta Alderdi Popularra (Carmelo Barrio) bat etorri dira eta denek nabarmendu dute oso garrantzitsua dela EKM presente egotea azterketak egin eta erabakiak hartzeko gaur egun martxan dauden foro instituzional guztietan. Horrela, kooperatiben ezagutza eta balioak mota guztietako erakunde instituzionaletan txertatuko direla ziurtatuko da, hala nola industria-politika publikoak kudeatzeko ardura daukaten guneetan, hezkuntzaz arduratzen direnetan, enpleguaren ingurukoetan, gizarte-politiken ardura daukatenetan, etab. Kooperatiben mugimenduaren ordezkaritza zabal baten aurrean egin duten eztabaidan, alderdi politikoetako arduradunek mundu osoan ezaguna den erreferentzia honen balioa goraipatu dute. Bere eguneroko jardunak erakusten du posible dela aberastasun ekonomiko eta soziala lortzea, pertsonak ahalduntzea eta proiektuen iraunkortasuna eta lurraldearekiko lotura ziurtatzea.

Horrez gain, Maria Jesus San Jose Lan eta Justizia Sailburuak aurreratu duenez, legealdi honetan euskal kooperatiben Lege berria onartzea aurreikusita dago, eta indar politiko guztiek aho batez nabarmendu dute horrek sortuko dituen aukera berriak.

Indar politikoen arteko eztabaida Forokoop, kooperatiben mugimenduaren eztabaidarako foroan, egin da, urtero Euskadiko Kooperatiben Goren Kontseiluak eta Konfekoop Euskadiko Kooperatiben Konfederazioak antolatzen duten topaketan. Iñigo Urkullu Eusko Jaurlaritzako lehendakariak itxi du foroa, eta bere hitzaldian euskal kooperatibismoak etorkizuneko garapen-eredua eraikitzeko eta zabaltzeko daukan garrantzia azpimarratu du, “pertsonak oinarri dituen eredua, herrialdeak eta kooperatiben mugimenduak komunean dituzten balioak ardatz hartuta: elkarlana eta kooperazioa, hots, auzolana”.

Euskadiko kooperatibak euskal BPGd-aren %7ren erantzule dira, eta 2016an federatutako kooperatibak 1.100 ziren. Rosa Lavin Konfekoopeko presidenteak nabarmendu duenez, “Euskadiko 10 heldutatik ia 7 mugimendu kooperatibistarekin lotuta daude, eta 54.000 langile ditugu (Euskadiko 100 enplegutik 6). Gainera, esparru guztietan presente gaude, hala nola industrian eta hezkuntzan, edo merkataritzan eta gizarte-zerbitzuetan”. Hori dela-eta, Lavinek adierazi duen moduan, politika publikoen diseinuari buruzko gako nagusiak eztabaidatu eta erabakitzen diren foro guztietan esperientzia kooperatiboaren parte-hartzea funtsezkoa da, erabakitze-gune horietan guztietan, Euskadiko askotariko errealitate sozioekonomikoak modu orekatuan jasotzen direla ziurtatzeko.

Bideoak, argazkiak eta ponentziak… http://forokoop.coop/XI/dossierra

Kategoria: BERRIAK, JARDUNALDIAK Etiketak , , , , . Gorde lotura.