Balio kooperatiboak eta lehiakortasuna funtsezkoak dira MONDRAGONen

Balio kooperatiboen inguruko bizipena eta negozioen lehiakortasuna funtsezko gakoak dira MONDRAGON Taldearen fase berri honetan.

MONDRAGONen goi-exekutiboak azken hileotaz egiten duen balorazioa

Pixkanaka lan-taldeak konfiguratu ditugu, eta 2016ko uztaileko Biltzarrean hartutako erabakiekin loturiko gaiak bete-betean landu ditugu. Biltzar horrekin, taldearentzat garai berri bat ireki duen mugarria jarri genuen, “Etorkizuneko MONDRAGON” eta “2017/2020 Politika Sozioenpresariala” txostenak onartu genituenean. Fase berri honetan, balio kooperatiboak barneratzeari emango diogu lehentasuna, batez ere interkooperazioari. Alor horretan, erronka jarri diogu gure buruari datorren ziklo estrategikorako: negozioak posizio lehiakor iraunkorretatik garatu ahal izatea.

Azken batean, ilusioz bizi dut garai hau, eta sinetsita nago kooperatiba-talde honek eta bertan dauden pertsona guztiek etorkizuna eraikitzeko gaitasuna dutela.

Zeintzuk dira MONDRAGONen ezaugarri nagusiak fase berri honetan?

Balio kooperatiboak barneratzeari berebiziko garrantzia eman behar diogu. Batez ere autoexijentziaz eta erantzukidetasunaz ari gara, jabeak eta protagonistak garelako; “elkartasun arduratsuaz”, besteen laguntzak jaso behar dituen kooperatibak aurretik autoexijentzia neurriak hartu behar dituelako; interkooperazioaz, taldeko kooperatiben artean eta beste erakunde batzuekin; eta, gainera, beste bultzada bat emango diogu kooperatiben ereduak proposatzen duen “eraldaketa sozialari”.

Horrez gain, gure antolakuntza-eredua garai berrietara egokitu nahi dugu, eta interkooperaziorako gure finantza-tresnei beste norabide bat eman.

Eta negozioen bilakaerari dagokionez, zer asmo duzue ziklo berri honetan?

Negozioei posizio lehiakor iraunkorretatik heltzea da gure erronka nagusia arlo honetan. Eta hori lortzeko, oinarrizko bost estrategia zehaztu ditugu: konpromisoa eta nortasun kooperatiboa, finantzaketa, enpresa-berrikuntza eta sustapena, interkooperazioa eta presentzia mundu osoan. Gure negozioek izango duten bilakaerari dagokionez, egia esan, mundu osoari begiratuz gero, ohartuko gara zalantzez beteriko bidea dugula aurrean. Hala ere, seguru nago denon artean egokitzen jakingo dugula eta gure negozioak behar bezala garatzen asmatuko dugula. Izan ere, horretan ari gara dagoeneko.

 

Nazioarteko salmentak eta bilakaera

Zeintzuk dira gehien nabarmentzen ari diren sektoreak?

Oro har, esan daiteke Industria-arlo osoak bilakaera ona izan duela. Askotariko presentzia industriala daukagu eta sektore ugari jorratzen ditugu, hala nola autogintza, etxetresnen osagaiak, makina-erreminta, elebazioa, automatizazio industriala, eraikuntza, etab. Eta, oro har, pozik gaude.

Nazioarteko salmentek gorako bideari eutsiko al diote?

Hainbat joera protekzionistak eragindako ziurgabetasuna gorabehera, nazioarteko merkatuen dinamika geldiezina da, eta, beraz, litekeena da aurrerantzean ere nazioarteko salmentek gora egitea. Aurreko urtean inbertsioak jaso zituzten zenbait lantoki martxan jarri dira 2017an, eta horri filial berrien irekiera gehitzen badiogu, aurreikustekoa da nazioarteko salmenta guztiek duela urtebeteko %70,5etik gora egitea.

Edonola ere, 2017an, bigarren urtez jarraian, estatuko salmenten bilakaera ona izan zela azpimarratu behar da, eta aurreko urtean lortutako emaitzak hiru portzentajezko puntutan gainditu zirela.

Uste duzu krisi ekonomikoa gainditu dugula?

Esan dezakegu zenbait adierazle ekonomikoren norabidea ona dela. Baina, orain, aurreikuspen horiek betetzea eta finkatzea behar dugu. Hazkunde ekonomikoaren zifrak beste garai batzuetan baino apalagoak izango dira, eta horretara ohitu beharko genuke. Ekonomiaren gakoa konfiantza da, eta nazioarteko ziurgabetasuna oso handia da. Hortaz, nazioartean ematen diren gertaerei arretaz begiratu beharko diegu, munduan daukagun presentzia behar bezala indartzeko.

 

Kooperatibismoaren egoera

Zein egoeratan ikusten duzu Euskal Kooperatiben Mugimendua?

MONDRAGON Taldearen ikuspegitik begiratuta, EAEko enplegu guztiaren %3,5 gara eta enplegu industrialaren %7,8; hau da, industria-sektoreko 13 langiletik 1ek MONDRAGON Taldean lan egiten du. Eta EAEn egiten diren esportazioen %11 taldeko kooperatiben esku dago.

Horrenbestez, kooperatibak Euskadiko ekonomia osoaren %11 eta enpleguaren %20 dira, eta Espainian, %6 eta enpleguaren %11. Horrek argi erakusten du zein garrantzitsua den euskal kooperatibismoak ekonomiari egiten dion ekarpena. Oro har, uneko egoera ona dela esango nuke.

Euskal Kooperatibismoaren zein abantaila nabarmenduko zenituzke?

Pertsonek proiektu sozioenpresarialean daukaten inplikazioak beste ezeren gainetik egon behar du, aldi berean bazkideak eta langileak baikara. Horrez gain, urte luzez gure kooperatiben artean josi ditugun elkar-lankidetzarako sareak lehiakortasun-arloko abantaila erreal bat dira, proiektu berriak garatzeko lanean elkarri laguntzeko aukera ematen digutelako, berrikuntzaren edo beste eragileekiko solaskidetzaren arloan gure gaitasunak biderkatzeko modua eskaintzen digutelako edo nazioartekotze-prozesuak errazten dizkigutelako. Nolanahi ere, oraindik bide luzea daukagu aurretik.

MONDRAGONek aurrerantzean ere kooperatiba-enpresa berriak sortzeko lan egiten du?

Negozioak etengabe berritzeko ekintzailetza eta berrikuntza dira MONDRAGONek datozen urteetarako prest duen estrategietako bat. Eta hori egitera goaz, balio erantsia duten enpleguak sortzeko asmoz eta oso kontuan izanda hori dela guk gizarteari egiten diogun ekarpena, aberastasunaren sorrera, lanpostuen sorreraren bidez. Hortaz, datozen urteetan ere kooperatiba berriak sortu ahal izatea espero dugu.

Nola doa Fagor Etxetresnetako bazkideak birkokatzeko prozesua?

Oso ondo. Lan handia egiten ari gara, eta Fagor Etxetresnetako bazkideak hartzeko orduan izan duten jokaera aparta eskertu behar zaie kooperatiba guztiei.

 

Iñigo Ucín
MONDRAGON Taldeko Presidentea

Kategoria: IRITZIA Etiketak , , , . Gorde lotura.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude