Kooperatibak: ikusgarriak, ezagunak eta aintzatetsiak izateko, berritu

Kooperatibak ekonomiaren demokratizazioaren abangoardian gaude, sortutako aberastasuna modu justuenean banatzen duen eta desberdintasun gutxien sortzen duen enpresa-eredua baita kooperatiba.

Euskadin kooperatibismoaren erreferente gara mundu osoan, batez ere kooperatibismo industrialaren esparruan, urtero gu ezagutzera datozen milaka bisitariek argi erakusten duten moduan. Bai eta 10 heldutatik 6,7 kooperatiben mugimenduarekin lotuta dagoela eta jarduera-sektoreren baten bazkidea dela ere (lan-elkarteak, irakaskuntza, etxebizitza, kreditua, kontsumoa, osasuna, aseguruak…).

Euskadiko esportazio guztien %15 baino gehiago gure esku dago. Autonomia Erkidegoko inbertsio guztien %20 inguru guk inbertitzen dugu. Eta Euskadin erregistratutako patente guztien ia laurden bat gureak dira.

Euskal Kooperatiben Mugimendua elkar-lankidetzarako hainbat erakundetan presente dago, hala nola Elkargi EBSn eta EKGK – Euskadiko Kooperatiben Goren Kontseiluan, besteak beste. Hainbat erakundetan ordezkatuta dago: EGAB – Euskadiko Ekonomia eta Gizarte Arazoetarako Batzordean eta Gizarte Zerbitzuen, Industria Segurtasunaren, Gizarte Aurreikuspenaren, Gizarteratzearen, Adikzioen, Nazioartekotzearen eta Familiaren euskal kontseiluetan. Eta, horrez gain, Osalan – Laneko Segurtasun eta Osasunaren Euskal Erakundean, Eustat – Euskal Estatistika Erakundean eta Kontsumobide – Kontsumoko Euskal Institutuan parte hartzen dugu. Bai eta Innobasquen eta Euskadiko Etorkinen Integrazio eta Partaidetzarako foroan ere.

Gizarte Ekonomiaren munduan, EGES – Euskadiko Gizarte Ekonomiaren Sarearen, ETESS – Gizarte Ekonomiaren Mugaz gaindiko Eskolaren, CEPES – Gizarte Ekonomiaren Espainiako Enpresa Konfederazioaren, Cooperatives Europeren eta NAK – Kooperatiben Nazioarteko Aliantzaren barruan gaude.

2017an, aurrerapauso handiak eman ditugu gure presentzia instituzionalean. Eusko Legebiltzarrean bi lege-proposamen lantzen ari dira, gu SPRIn (industria sustatzeko elkartean) eta Eskola Kontseiluan sartu ahal izateko. Eta duela gutxi, Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzaren Euskal Kontseiluan leku bat eman digute, I+Gko inbertsio pribatuaren sektore eta enpresa nagusien ordezkari.

Hala ere, kooperatibek herrialdearen ekonomian daukaten pisua eztabaidaezina den arren, eta euskal enpresa-talde nagusia (Mondragon Taldea) gure baitan badago ere, gaur egun, oraindik eragiten diguten gaien inguruko lege, dekretu, arau, politika eta plan berriak aztertu eta proposatzeko faseetatik kanpo uzten gaituzte zenbaitetan. Eta hortxe berritu beharra daukagu, beste modu batean lan egin behar dugu ikusgarriagoak eta ezagunagoak izateko. Espero eta desio diren helburuak ez lortzeak zerikusi handia dauka norberarekin, eta estrategia desberdinak erabiltzea eta gaia ikuspegi desberdinetatik begiratzea eta jorratzea ezinbestekoa izaten da, helburu horiek gauzatzen lagunduko diguten bideak aurkitzeko.

Eta dagoeneko historiko bihurtu den gure eskari bat bete gabe dago oraindik: Lanbide, Euskal Enplegu Zerbitzuan presente egotea. Enplegu-programak eta enplegurako prestakuntza-programak kudeatzen ditu Lanbidek, eta kooperatibok esateko eta egiteko asko daukagu alor horretan. Lanbideren Administrazio Kontseiluan parte hartzeko eskubidea daukagu, inolako zalantza moral edo juridikorik gabe. Gure eskubidearen berme den konbentzimendu moral eta juridiko horrez gain, gizartearekin daukagun konpromisoa ere nabarmendu behar dugu. Parte hartzeko eskubidea izateaz gain, nola edo hala kooperatibismoaren interesak, kooperatiba-enpresen interesak eta kooperatibisten interesak tartean dauden erabakitze eta kontsulta esparru guztietan parte hartu nahi dugu, eta Lanbide da konpromiso horren adibide garbi bat. Bertan hartzen diren erabakiek gure errealitate sozioenpresarialean dituzten ondorioengatik, zein enpleguaren eta prestakuntzaren gaietan gure ezagutzatik eta esperientziatik ekarpenak egiteko daukagun gaitasunarengatik. Gure posizioa berresteko eta indartzeko, Euskal Herriko unibertsitateek elkarrekin egindako lan bat daukagu, non honako hau esaten den: “Azken finean, aztertutako eskubide positiboa oinarri hartuta, Konfekoopek Lanbideren Administrazio Kontseiluan parte hartzeko eskubidea daukala uste dugu, kooperatiben enpleguaren enpresa-interesen ordezkari”.

Egon, izateaz gain. Determinazioa eta konpromiso argi bat dira gure motorra: Herrialde honetako aberastasunaren sorreran eragile izateko determinazioa; eta eredu ekonomiko desberdin batean sinesten duten pertsonekin daukagun konpromisoa. Ez gara begiratzera mugatu behar; eraldatzea da gure lana. Eta, horretarako, bizitza instituzionalean parte hartu behar dugu. Eta ez dugu eskaini dezakeguna baino gehiago eskatzen. Dagokigun pisuarekin parte hartu nahi dugu, gure jakintza helarazteko, esku hartzen duten gainerako eragileekin lankidetzan. Euskadi hobe bat eraikitzea baita helburua, gizarte kohesionatuago bat, eta, ahal dela, autogestionatuagoa.

 

Javier Goienetxea
ERKIDEko Presidentea
Euskadiko Lan, Irakaskuntza, Kontsumo eta Kreditu Kooperatiben Federazioa

Kategoria: IRITZIA Etiketak , , , . Gorde lotura.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude