Etorkizuneko enpresek Kooperatiben baloreak izan beharko dituzte

Busturialdean kalitatezko lanpostuak sortzeko helburuz sortu zen MAIER S.Coop duela 45 urte eta gaur egun, 14 egoitza ditu mundu osoan zehar, 3.000 pertsona baino gehiagori enplegua emanez. Trebeak dira ibilgailuentzako piezak egiten, izan ere, hori, “trebe”, esan nahi du “Maier”-ek, euren izenak, aintzinako euskeran. 14 egoitza horien isla edozeinek ikusi dezake Ajangizeko egoitza nagusian sartzen denean: herrialde bakoitzeko ordua markatzen duen erlojua dute sarreran, eta guztiei tentuz begira, Julen Madariaga, MAIERreko presidentea. Hastapenetatik ikusi du enpresa nola hazi den eta baita bere eredu kooperatiboa ere. Etorkizunari begira argi du: Kooperatiben eredua da, beretzako, eredurik eraginkorrena.

Nola eta zergatik sortu zen MAIER? Zergatik erabaki zenuten Kooperatiba izatea?
Momentu hartan, Gernika inguruan, lanpostu asko zeuden, baina kalitatezko enplegua oso eskasa zen, etorkizun gutxi ikusten zen. Bertako enpresetan lanean zeuden gazte batzuk bildu ziren, prestatuta zeuden eta ezagutza handiak zituzten. Euren helburua kalitatezko lanpostuak lortzea zen, eta helburu horretatik sortu zen Maier S. Coop. Kooperatiba izatea arrazoi argi batengatik erabaki genuen: garai hartan, bozkatu ahal izatea pribilegio bat zen, udaletxean ere ezin zen bozkatu. Eta orduan, aukera hori ematen zigun enpresa eredu bat aurrean genuela ikusi genuen, erabakitzeko eskubidea bermatzen zuena. Hori da, agian, Kooperatibaren bereizgarri nagusia, eta horregatik animatu ginen.

Zein abantaila esango zenuke dituela Kooperatiba gisa lan egiteak beste ereduekin alderatuta?
Asko. Batetik, emaitzak ez direla kapitalaren arabera banatzen, lanaren arabera baizik. Egia da Kooperatiba batean ezin duzula kapital handia eduki, baina emaitzak esfortzuaren arabera banatzen dira. Bada beste elementu bat: Kooperatiban, norbera lan egiten duen tokiaren jabe sentitzen da, zati txiki batean bada ere. Gero, Kooperatiba hau ez da joango, ez da hemendik mugituko. Munduan ere bagaude, egia da, baina bazkideok ez dugu hemengoa galdu nahi, hemen sortu da enplegua. Gure Kooperatiba ez da bazkideena bakarrik, herriarena da, Busturialdeko herritarrena. Eta gero, bezeroari ematen dizkion aukerak argi daude. Saiatzen gara bezeroak eskatutakoa baino gehiago ematen, espero ez duen zerbait. Kalitatea, prezio lehiakorra, euren estrategiarekin lotuta egotea… Kooperatibak eskaintzen eta bermatzen dituen aukerak dira.

Zuen esperientzian oinarrituta… zein da, kooperatiba bezala lan egitearen inguruan, urte hauetako egiten duzuen balantzea?
Nik ez dut dudarik, Kooperatibaren eredua eredurik onena da. 1976an hasi nintzen ni MAIERren, eta inoiz ez diot Kooperatibaren baloreetan sinisteari utzi. Taldean lan egitearen baloreak dira horiek, eta ez da jardun errexa, baina jendeari hori iristen zaio: eguneroko praktika, aldatzeko, hobetzeko egiten ditugun ekintzak eta nola erantzuten diegun gizartearen beharrei.

Nola ikusten duzu kooperatibismoa gaur egun? Eta etorkizunean?
Gaur egun, argi ikusten dut beste eredu batzuk baino hobea dela. Krisi garaian ikusi genuen hori, Kooperatibak itxi ziren, egia da, baina beste ereduetako zenbat enpresa itxi behar izan ziren? Guretzako abantaila da ixten diren Kooperatibetako bazkideak birkokatu egiten direla. Langileak ez dira lanik gabe geratuko. Hortaz, sendoagoa da Kooperatibaren eredua, eta argi daukat: hasieratik hasi beharko banu, berriz egingo nuke. Kooperatibaren eredua aukeratuko nuke.

Etorkizunari begira, ikusten dut enpresa guztiak bide beretik joan beharko direla, ez dakit guztiak Kooperatibak izango diren, baina bai Kooperatibaren baloreetan oinarritu beharko direla. Kooperatiban, dirua irabazteaz gain, beste gauza batzuk ere egin ditzakezu. Giroa, gizarteari begira egiten diren ekintzak, gizarteari egiten zaizkion ekarpenak, langileen inplikazioa eurena ere baden proiektu batean… aldea nabarmena da. Gainera, Kooperatibetatik balore ugari transmititzen dira. Kaltegarria da jendearen artean ezberdintasunak egotea, eta txikiak dira Kooperatibetan. Horrek ez du esan nahi ez duela ezberdintasunik egon behar: lan egin duenak, irabazi handiagoak izan behar ditu, noski. Baina Kooperatiban ezberdintasunak murrizten dituen beste elementu batzuk daude: lankidetza, interkooperazioa, eta horiek lortzeko, heziketa kooperatiboan jartzen dugu guk fokoa. 2 urtetik behin, bazkide guztiak taldetan biltzen ditugu euren esperientziak parteka ditzaten. Orain, lan eredu hau eskoletan ere erakustsi nahi dugu, balore hauek transmititzeko. Hori da gure etorkizuneko proiektuetako bat.

 

Julen Madariaga
MAIER S.Coop. Presidentea

Kategoria: IRITZIA Etiketak , , , , . Gorde lotura.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude