Euskadi Lan kooperatibismoaren erreferentzia da munduan

Eusko Jaurlaritzako Gizarte Ekonomiako zuzendariarekin izan gara, kooperatiben ereduari buruz zer iritzi duen, EAEko instituzioetan kooperatiba-ereduak zer pisu eta ordezkaritza duen eta Eusko Jaurlaritzak euskal kooperatiba-mugimenduari lotuta zer asmo dituen jakiteko.

Eusko Jaurlaritzako Gizarte Ekonomiako zuzendaria izanik, nola definituko zenuke gizarte-ekonomiaren kontzeptua?

Egia da «gizarte-ekonomia» kontzeptua polisemikoa izan dela, eta oraindik ere badela. Sarritan, nork erabiltzen duen eta zer testuingurutan erabiltzen den, esanahia aldatu egin daiteke. Hartara, segurtasunagatik, eta segurtasun juridikoagatik besteak beste, Gizarte Ekonomiari buruzko martxoaren 29ko 5/2011 Legera jo beharko dugu. Termino hori printzipio orientatzaile batzuekin lotzearen teknika erabiltzen du Legeak eta, hartara, honako ezaugarri hauek aipatzen ditu erakunde bat gizarte-ekonomiakotzat hartzeko: pertsonak eta sozietatearen xedea lehenestea kapitalaren aurretik —printzipio hori zehazteko, gestio autonomoa, gardena, demokratikoa eta partaidetzakoa izan beharko ditu—; egindako lanaren arabera banatzea emaitzak; barneko eta kanpoko elkartasunez jardutea inguruko gizartearekin; eta tokiko garapena, aukera-berdintasuna, enplegu egonkorra eta kalitatekoa, lan-kontziliazioa eta iraunkortasuna bultzatzea. Azken batean, gizarte-kohesioa bultzatzen duen erakundea izatea.

Beste alde batetik, maila batean edo bestean printzipio horiek zaintzen dituzten «familia» edo «talde» batzuk identifikatzen ditu Legeak. Zehazki: kooperatibak, mutuak, fundazioak eta jarduera ekonomikoa egiten duten elkarteak, lan-sozietateak, gizarteratze-enpresak, enplegu-zentro bereziak, arrantzaleen kofradiak, eraldaketako nekazaritza-sozietateak.

Azpimarratu egin behar da, araudiak xedatu eta neuk ere uste dudan bezala, ekonomia- eta enpresa-jarduera egiteaz gain, funtsean, etikoki arduratsuak eta ekonomikoki iraunkorrak izatearen ezaugarriak bete behar dituztela halako enpresek.

Kooperatibak erreferentziako ereduak dira gizarte-ekonomiaren baitan?

Datuek, eta bereziki Euskadiko datuek, horixe baieztatzen dute, batez ere lan kooperatibei buruz ari bagara. 2016ko Euskal Gizarte Ekonomiaren Estatistikari buruzko amaierako txostenak eta 2017ko aurrerapenak (biak ala biak estatistika ofizialak) diotenez, euskal gizarte-ekonomiaren balio erantsi gordinaren %90,55 kooperatibetatik dator, eta gizarte-ekonomiako enpleguaren %87,5 enplegu kooperatiboa da.

Beste alde batetik, kooperatibek, Euskadikoek barne, ehun urtetik gorako tradizioa dute, arlo ekonomiko guztietan (eta gizarte-arlo askotan) jarduten dute, tokian-tokian, nazioan eta nazioartean egituratu eta txertatzen dira eta, azkenik, historikoki eta nazioartean zehaztuta dauden eta gizarte-ekonomiaren kontzeptua bera inspiratzen duten balioez eta printzipioez osatutako nortasun korporatiboa izaten dute.

Euskal kooperatibismoak ordezkaritza nahikoa du EAEko instituzioetan?

Pixkanaka-pixkanaka, kooperatibei eragiten dieten instituzio-esparruetan sartzen joan da euskal kooperatiben mugimendua.  Legealdi honetan aurrerakuntza handia izan da, kooperatiben mugimendua Enpresa Garapenerako Euskal Agentzian (SPRIn) eta Euskadiko Eskola Kontseiluan sartu baita. Eta ziur nago kooperatiben mugimendua dagokion organo guztietan izango dela.

Euskadiko kooperatibak arautzen dituen araudia aldatzeko lege-proiektuak hauxe dio kooperatiben eta administrazioen arteko harremana arautzen duen III. Tituluan, kooperatibak sustatzeko neurri gisara: «Ziurtatu egingo da Euskal Autonomia Erkidegoko kooperatiba-mugimenduak ordezkariak izatea, eta bultza egingo da kooperatibagintzak ordezkariak eta solaskideak izan ditzan Euskal Autonomia Erkidegoko kontsulta- eta erabakitze-eremuetan eta erakundeen ordezkaritza duten organismoetan: ekonomia-, hezkuntza-, lan- eta gizarte-organismoetan. Era berean, bultza egingo da hori apurka-apurka araudian finkatu dadin».

 

Kooperatiben Lege berria

Noizko egongo da indarrean Euskadiko Kooperatiben Lege berria?

2018ko ekitaldi honen azken hiruhilekoan Eusko Jaurlaritzako Kontseiluak Lege-proiektua onartuta edukiko duela aurreikusten da. Hortik aurrera, Eusko Legebiltzarrean tramitatuko da, adostasuna lortzeko prozedura nekezaren eta tramitazio formalaren ondoren. Jardun hori beti zaila eta luzea izaten da, arlo eta sail askori eragiten baitie.

Eta hona iritsita, nabarmendu egin nahi dut kooperatiba-mota eta -alor guztien ia erabateko adostasuna lortzeko egindako ahalegin handia eta Maria Jesus San Jose Lan eta Justizia Sailburuak egin duen apustu garbia, Euskadiren eta gure sistema ekonomikoaren bereizgarri argia den kooperatiba-eredua definitzen duten interes ekonomiko eta sozialak garatzeko, bultzatzeko eta sustatzeko.

Zer nabarmenduko zenuke araudi berrian?

Erreforma ez da integrala eta ez du aldatzen gaur egun indarrean dagoen Euskadiko Kooperatiben ekainaren 24ko 4/1993 Legearen oinarrizko egitura. Hartara, honako hauek dira beraren asmo nagusiak:

  • Lege-aldakuntza batzuk testu arautzaile bakar batean bateratu eta biltzea
  • Gai garrantzitsu jakin batzuk argitzea, hala nola bazkideek sozietatearen zorretan duten erantzukizuna, bazkideen erantzukizuna oro har, eta galeren egozpena
  • Kooperatiba-mota jakin batzuen legezko antolaketa berrikustea, kooperatiben araubide organikoan eta funtzionalean sartuko direla bermatzeko. Talde horretan daude, adibidez, etxebizitza-kooperatibak eta lan elkartuko garraio-kooperatibak
  • Administrazioak kooperatiben alorrean egiten duen sustapen- eta kontrol-lana egokitzea, gaur egungo testuinguru juridiko, ekonomiko eta instituzional orokorrera ez ezik, euskal kooperatibak sozietate bihurtzeko izan duten garapen-mailara ere, sozietate horien alderdi bereziak, gizarte-interesekotzat hartzea legitimatzen dituen izaera berezia, identifikatu, sustatu eta bermatzeko
  • Etengabe eta abiada bizian aldatzen diren sozietateen gaineko zuzenbidearen gidalerro nagusiak —hala nola gobernu korporatiboa arautzekoa— araudian txertatzea
  • Kooperatiben mugimenduaren baitan, alderdi jakin batzuk barne-estatutu edo araudiaren bidez autoerregulatzeko aukera ematea
  • Horretaz gain, araudiaren koherentzia indartzen duten eta interpretazioa eta aplikazio praktikoa errazten duten doikuntzak eta hobekuntza juridiko-teknikoak gehitzeko ere aprobetxatu da

Nahikoa ezagutzen da kooperatiben enpresa-eredua?

Argi dago gizarte-ekonomiaren esparrutik kanpora, erabateko ezjakintasuna dagoela enpresa egiteko beste modu horien inguruan. Kasurik onenean, kooperatiba-ereduari buruzko ideia lausoa dago: zer esan nahi duen, nola funtzionatzen duen eta zer birtualitate duen (zer ekartzen dien kideei eta gizarteari). Eta hori guztia, Euskadi lan elkartuko kooperatibismoaren erreferentzia izanik munduan. Izan ere, datorren urtean gizarte-ekonomiaren eta bereziki kooperatibismoaren berri emateko kanpaina egiteko asmoa dugu.

Historikoki, kooperatiben mugimendua ordezkatu eta haren interesak defendatzen dituzten erakundeek orotariko ahaleginak egin dituzte herri-erakundeen laguntzarekin. Eta gaur egun ere, Gizarte Ekonomiaren Zuzendaritzak bultzada berria eman nahi du, hainbat proiekturen bidez, kudeaketan nahiz jardunean partaidetzan oinarritzen den enpresa demokratikoa ezagutzera eman eta balioztatzeko. Gure asmoak gizarte-ekonomia osoa biltzen badu ere, aurretiaz esan dugun bezala, kooperatiben protagonismoa agerian geldituko da.

Eusko Jaurlaritzak badu kooperatiba berriak sortzen laguntzeko programarik?

Ekitaldi honetan, eta Gizarte Ekonomiarako laguntza-multzoaren baitan, Lan eta Justizia Kontseilariaren 2018ko uztailaren 18ko Agindua kaleratu da, aurreko ekitaldietan erabili diren irizpide berdinak erabiliz enpresaren xedeari, onuradunei, ekiteko moduei eta abarrei lotuta. Agindu horren bidez, gizarte-ekonomian ekiteko eta gizarte-ekonomiako enpresen lurralde-sustapen planifikatua bultzatzeko laguntzak iragarri eta arautzen dira. 2018ko uztailaren 27ko 144. EHAAn argitaratu da.

Ekintzailetzari lotutako ildoaz gain, badaude beste bost deialdi ere, beste jarduera-esparru batzuetatik bultzatzeko gizarte-ekonomia eta kooperatibismoa. 2017tik 2018ra bitartean, aurrekontua 582.800€ handitu da; %15eko hazkundea, beraz.

 

Gazteak eta kooperatibismoa

Gazte ekintzaileentzako eredu erakargarria da kooperatibismoa?

Ekintzailetza, oro har, enplegua eta aberastasuna sortzeko balio handiko bidea da. Gazteek bultzatutako kooperatiben bidetik jorratuz gero, baina, balio erantsi handiagoa dakarkiolakoan nago, gizarte-ekonomiak dituen berezko ezaugarriak direla eta.

Gazteria/Kooperatibismoa binomioaren harira bultzatu ditugun azterketen arabera, hiru multzo bereiz daitezke gure inguruko 15-24 urte bitarteko gazteen artean: «integrazioaren aldeko kontserbadoreak» (%22,1), «kontserbadore altruistak» (%8) eta «kausadun errebeldeak, baina nahasi samarrak» (%21). Ehuneko horiek kooperatiba-izpirituan abiatzeko oinarri ona direla jotzen da.

Kooperatibek gazteen bizimodua hobetzen lagun dezakete, enplegua ez ezik, parte hartzeko eta ardurak barneratzeko, prestatzeko, kudeaketa-alorreko esperientzia hartzeko eta abarretarako bide egokia ere aurki dezaketelako kooperatibetan. Eta gazteek, euren aldetik, ekarpen handia egin diezaiokete kooperatibismoari. Izan ere, beraren etorkizuna dira. Ideiak, ikuspegiak, gaitasuna eta prestakuntza, tresnen erabilera, kopuruaren indarra, ilusioa, konpromisoa eta lidergoa ekar diezazkiokete.

Horregatik guztiagatik, ekintzailetza bultzatzeko eta ekintzaletza hori gizarte-ekonomian garatzeko kanpaina abiaraziko dugu laster. Halatan, gizarte-ekonomiaren eta bereziki kooperatibismoaren berri emateko lana jorratuko dugu garapen-agentzia guztietan, berrigune guztietan eta ekintzailetza-zentro guztietan, bai eta ekintzailetza sustatzeko jardunean parte hartzen duten eragile guztien artean ere.

Beste alde batetik, «junior kooperatiba» esaten zaion kooperatiba-mota berria arautzen duen lege-proiektua dago. Halakotzat jotzen da ikasleek sustatutako kooperatiba, ondasunak sortzeko eta zerbitzuak emateko jarduera ekonomikoa jorratuko duena, matrikulatuta dauden ikastetxeetan ikasitako trebeziak eta ezagutzak gauzatzeko asmoz.

Legearen helburua: halako kooperatiben xedea eta asmoa eta bazkideen egoera juridikoa arautzea.

Ildo horretan, gizarte-ekonomia bultzatzeko kanpainak iraunkorrak izan beharko lukete, unean uneko egoeretara mugatu beharrean. Adibidez, ikusi dugu krisiaren garairik txarrenean gizarte-ekonomiako enpresa gehiago sortu zirela. Eusko Jaurlaritzako Gizarte Ekonomiako zuzendaria naizen heinean, uste dut oraindik bide luzea dugula aurrean. Konbentzimendu osoa daukat zenbat eta gizarte-ekonomiako enpresa gehiago egon, orduan eta gizarte igualitarioagoa, solidarioagoa eta gizartearekin arduratsuagoa izango dugula.

 

Jokin Diaz Arsuaga
Eusko Jaurlaritzako Gizarte Ekonomia Zuzendaria

Kategoria: IRITZIA Etiketak , , . Gorde lotura.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude