130 urtetik gora Araian hurbileko merkataritza, produktuak eta zerbitzua eskaintzen

La Unión Obrera, S.Coop. kontsumo-kooperatiba

130 urtetik gora Arabako lautadan hurbileko merkataritza, produktuak eta zerbitzua eskaintzen

 

Kooperatibak orotariko ekintzak egingo ditu bazkideak leialdu eta gazteak erakartzeko

1886an sortutako La Unión Obrera estatu osoko kontsumo-kooperatibarik zaharrenetako bat da. Gaur egun, Arabako Lautada osoari ematen dio zerbitzua, lau langileren bidez eta ia 500 metro koadroko azalera duten lokaletatik abiatuta. 130 urtetik gorako historian, «bazkideei nahiz bazkide ez direnei» zerbitzua emateko izpirituak ezaugarritu du La Unión Obrera S.Coop.

Epealdi horretan, ia bazkide guztiak izan dira uneren batean Zuzendaritza Batzordeko kide. «Horri esker, bazkideek barnetik nahiz bezeroaren ikuspegitik ezagutu dituzte Kooperatibaren gorabehera guztiak. Ondorioz, kooperatibisten erabateko inplikazioa lortu dugu», adierazi du Marian Otxoak, La Unión Obrerako lehendakariak.

Premian izan direnean, bazkide guztiei zerbitzua eskaini izana da Kooperatibaren beste ezaugarri bereizgarrietako bat. Halaxe azaldu du lehendakariak: «produktuak saltzeaz harago, bestelako premiak ere bete ditugu, hala nola osasun-arreta eta botikak ematea edota, beharrezkoa izan denean, bajan edo baliabide gutxirekin dauden bazkideei laguntza ekonomikoa ematea». Eta, horretaz gain, dibidenduak banatu ere egin ditugu, metatutako irabaziek aukera eman dutenean.

 

Erronkak

Unión Obreraren erronkei dagokienez, arduradunek azaldu dute Kooperatibak eskualdeari ematen dion zerbitzua nabarmendu nahi dutela, bera baita Araian eta inguruko herrietan halako ezaugarriak dituen saltegi bakarra. «Horretarako, ateak zabaltzeko eguna antolatzen ari gara gure bazkideentzat nahiz bazkide ez direnentzat, eta bereziki gazteentzat. Barneko kudeaketa erakutsi nahi diegu eta ideia berriak jasotzeko prest ere bagaude».

Kooperatibak laster egin nahi duen beste ekintza bat: bezeroei inkesta orokor bat egitea, beraien iritziak, beharrizanak, hobetzeko proposamenak eta arretaren eta zerbitzuaren balorazioa biltzeko. Lortutako emaitzak aintzat hartuta, arreta hobetzeko eta bazkide berrien leialtzea lortzeko lan egingo dute. Gainera, eta azken batzar nagusian erabakitakoari jarraituz, Kooperatibak dendako langileekiko komunikazio handiagoa izateko eta beraien inplikazio handiagoa biltzeko apustua egingo du, «barneko kudeaketa ondo ezagutzen dutela aprobetxatuz, beraien ekarpenak biltzeko».

«Ezin dugu ahantzi inguruan dugun maila handiko merkataritzarekin lehian aritzea dela gure erronkarik handiena, produktu-aukera zabalagoa eta oso prezio doituak baitituzte. Izan ere, guretzat zaila da maila horretara iristea, gure bolumena kontuan hartuta. Horregatik jarriko ditugu abian aurretiaz aipaturiko ekimen guztiak, gure zerbitzuagatik eta arreta pertsonalizatuagatik bereizteko asmoz», azpimarratu dute kooperatibaren kudeatzaileek.

Etorkizuna

Kooperatibaren etorkizunari begiratuta, Marian Otxoak esan du erosteko beste bide batzuk aztertzen ari direla, hala nola «saltegi fisikora joatea eskatzen ez duten bideak, erosteagatiko deskontuak eta erosteko baleak, gure bazkide eta bezeroak leialtzeko helburuz». Orobat, Kooperatibaren kudeatzaileek adierazi dute hurbileko merkataritza areago balioesteko lan egin behar dela, inguruko ekoizleek ekarritako produktu naturalak tarteko. «Azken batean, kalitateko produktua, naturala eta balio erantsi handiagokoa» proposatzen dute.

«Etorkizunean arriskuak ikusten ditugu baina baita, horrekin batera, itxaropen handia ere, bete beharreko erronka handiak baititugu aurrean. Gure egungo eta etorkizuneko bezeroak partaide bihurtzen baditugu, ziur gaude beste urte askotan jarraituko dugula Kooperatibari buruz hitz egiten», ondorioztatu dute. Ez dugu zalantzarik hala izango dela.

 

  • Eratze-eguna. 1886an sortu zen, eta hasiera-hasieratik bazkideak arduratu ziren kudeaketaz
  • Bazkide akziodunen kopurua: 173
  • Kokapena: ia 500 m2-ko lokala Araian
  • Arabako lautada osoari ematen dio zerbitzua
  • Enplegu-kopurua: 4 lagun
Kategoria: BERRIAK Etiketak , , . Gorde lotura.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude