Gure Kooperatibaren identitate nagusia guraso, langile eta laguntzaileen arteko elkarlana da

Oñatiko Txantxiku ikastola 1967. urtean sortu zen, soilik 28 ikaslerekin. Hamar urte beranduago, Kooperatiba bilakatu zen. Egun, Andoni Zendoia da ikastolaren Zuzendaria eta eskaintza akademikoa zabala da, Lehen Hezkuntza, Bigarren Hezkuntza eta Batxilergoa bertan egin ahal izateko aukera ahalbidetzen duelako. Kooperatiba bat izateak elkarlana, solidaritatea eta auto-kudeaketa bezalako abantailak eskaintzen dituela uste du.

 

Noiz eta nola sortu zen Txantxiku ikastola?

Ikastola 1967ko irailean sortu zen, herritarren ekimenari eta 28 ikasleren gurasoei esker. Lehen taldea 3 eta 4 urteko 28 ikaslek osatu zuten. Hasiera hartan, elizaren babes handia jaso zuen ikastolak. Hasiera ez zen erraza izan, oztopoak egon zirelako ikuskaritza zorrotzarekin. Hala ere, ikastolaren bultzatzaileek lan handia egin zuten eta horiei esker dugu gaur egun dugun ikastola.

Noiz bilakatu zen ikastola kooperatiba bat?

Betidanik Ikastolaren gidaritzaren ildo nagusiak markatzerakoan garrantzi handia izan du elkarren arteko eztabaida eta elkarlanak.  70eko hamarkadaren bukaeran Ikastolaren kudeaketan ari ziren kide batzuek kooperatiba sortzeko lidergoa hartu zuten eta taldetxo batek asteburuetan kooperatibaren estatutu eta arautegiak osatu zituen. Gauzak horrela, 1980. urtean Txantxiku Ikastola Kooperatiba sortu zen.

Kooperatiba bezala, nolakoa da Txantxiku Ikastolaren identitatea?

Nire ustez, gure kooperatibaren identitate nagusia guraso, langile eta laguntzaileen arteko elkarlana da. Ikastolaren ildo nagusiak guztion artean finkatzen ditugu, denon artean osatzen dugu Txantxiku Ikastola eta guztion partaidetza ezinbestekoa da. Denon helburua ikaslea protagonista izatea da eta ahalegin guztiak jartzen ditugu ikasle horren heziketa ahalik eta onena izan dadin.

Kooperatiba izateak abantailak ekar ditzake beste eredu batzuekin alderatuta?

Kooperatibak barnean abantaila handiak ditu bere auto-kudeaketan. Esan bezala, bazkideok eraikitzen dugu kooperatibaren iparra, eta denon partaidetza oso garrantzitsua eta beharrezkoa da. Bestalde, administrazioak eskaintzen dituen abaintailez gain, Kooperatiben arteko elkarlan handiaren ondorioz hainbat ekimen burutzen ditugu elkarrekin: prestakuntza saioak, proiektu pedagogikoak, aholkularitza juridikoa eta finantzarioa, praktika onen azalpenak…

Hau guztia horretarako osatuak ditugun erakundeei esker egin dezakegu. Alegia, ERKIDE eta, ikastolen munduan, Ikastolen Elkartea. Kooperatiben arteko elkarlana oso garrantzitsua da, berrikuntza eta gizartearen hobekuntzaz gain, elkartasuna eta solidaritatea garatzen direlako.

Nola ikusten duzu kooperatibismoaren etorkizuna?

Kooperatibismoaren etorkizuna oso osasuntsu dago. Gaur egungo gizarte globalizatu honetan elkarlana ezinbestekoa da, eta Kooperatibaren oinarria hori da hain zuzen ere: elkarlana bai barruan eta baita Kooperatibaren kanpo aldean ere. Horrela, indartsuagoak izango gara eta etorkizuneko erronkei aurre egiteko bultzada ezinbestekoa dela uste dut. Zer esanik ez ikastetxeetako eredu bezala ere, gazteen hezkuntzan guztion inplikazioa eta partaidetza ezinbestekoa da, eta hezkuntza komunitatea osatzen dugunon elkarlana oinarrizkoa da.

 

Andoni Zendoia
Txantxiku Ikastolako Zuzendaria

Kategoria: IRITZIA Etiketak , , . Gorde lotura.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude